Futbola

Eibar-Athletic Kopako kanporaketan

Malaga-Reala, Castello-Osasuna, Alaves-Betis, eta Amorebieta-Celta izango dira gainontzeko partidak.

Eibar-Athletic derbia, Ipuruan. RAUL BOGAJO,  ARGAZKI PRESS
Eibar eta Athletic, Ipuruan aurrez aurre, artxiboko irudi batean. RAUR BOGAJO / FOKU
pettan uralde
2023ko abenduaren 12a
14:40
Entzun

Zozkatu dira Espainiako Kopako final-hamaseirenak, eta Euskal Herriko taldeek badakite zein izango dituzten aurkari. Kanporaketarik aipagarriena Eibarren eta Athleticen arteko derbia izango da, baina beste euskal taldeen norgehiagokek ere zeresana emango dute. Realak aurreko denboraldian Bigarren Mailatik jaitsi zen talde baten kontra jokatuko du, Malagaren kontra, eta Osasunaren aurkaria Castello izango da, Espainiako Federazioko Lehen Mailan ari dena. Amorebietak Celta hartuko du Lezaman, eta Alavesek izan du zorterik txikiena, Betis hartuko baitu Mendizorrotzan. Kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira, urtarrilaren 6an edo 7an.

Kopako zozketak euskal derbi bat utzi du final-hamaseirenetarako. Joseba Etxeberriaren Eibarrek Athleticen aurka jokatuko du Ipuruan. Zozketaren aurretik, duela 11 urte bi taldeek jokatu zuten Kopako kanporaketa gogoratu du sare sozialetan EIbarko taldeak, eta partida hori berritzea erabaki du zoriak. Bi taldeek 2020an jokatu zuten azkenekoz Ipuruan; emaitza 1-2 izan zen, bizkaitarren alde.

Realak ere partida polita izango du, Malagaren aurka. Andaluziako taldea ez da bere garairik onenean bizi, eta, gaur-gaurkoz, Lehen Federazio mailan dago, laugarren postuan. Hala ere, zaleek ez diote utzi Rosaledako zelaia betetzeari, eta aurkari deserosoa izango da Imanol Alguacilen jokalarientzat. Taldeko kirol zuzendari Lorenzo Juarros Loren da, eta bertan jokatzen dute Jokin Gabilondo eta Luca Sangalli Realeko jokalari ohiek.

Osasun Kopan estreinatuko da. Gorritxoak Espainiako Superkopa jokatuko dute urtarrilean, eta, horregatik, ez dira Espainiako Kopako lehen kanporaketetan izan. Haien aurkaria ere Lehen Federazio mailakoa izango da, baina ez da edozein: Castello sailkapeneko lehen postuan dago, eta azaroaren 26ra arte jokatutako partida guztiak irabazi zituen. Haiek ere zale sutsuak dituzte, eta ez da zelai erraza izaten Nou Castalia.

Guztien artean zorte gutxien izan duena Alaves izan da. Zozketako 28 taldeen artean, Lehen Mailako bi taldek bakarrik jokatu behar zuten haien artean, eta Alavesi tokatu zaio. Gainera, Betis izango du aurkari, 2022ko Espainiako Kopako irabazlea. Gutxienez, etxean jokatuko dute arabarrek.

Ezustea eman ondoren, Amorebieta berriro saiatuko da Kopan beste kanporaketa bat gainditzen. Levante menderatu ostean, Lehen Mailako talde bat, Celta, egokitu zaio Bizkaiko taldeari. Oraingoan ez da Aritz Mujika aulkian izango, atzo kendu baitzuten kargutik. Datozen egunetan jakinaraziko dute ordezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.