Argi-ilunak utzi ditu Espainiako Ligako azken-aurreko jardunaldiak. Bi euskal talde zebiltzan Lehen Mailan jarraitzeko lehian, eta jada biek dakite ziur zein izango den euren etorkizuna: Eibarrek Bigarren Mailan jokatuko du datorren urtean, eta Alavesek, Lehen Mailan. Armaginek 4-1 galdu dute Mestallan, Valentziaren aurka, eta babazorroek 4-2 irabazi diote Granadari Mendizorrotzan.
Zerbait jokoan zuen beste taldea Reala zen. Donostiarrek bosgarren postua eskuratzeko lehia estua dute Betisekin eta Vila-realekin. Hirurek irabazi dute gaur (Realak, 4-1 Valladolidi), eta lehen bezala geratuko da kontua: azken jardunaldiaren aurretik, Realak puntu baten aldea du bere bi aurkariekiko. Azken jardunaldian Sadarren jokatuko du, Osasunaren aurka, eta irabaziz gero txuri-urdinena izango da bosgarren postua.
Gainerako beste bi euskal taldeek, Athleticek eta Osasunak, galdu egin dute liga irabazteko lehian dabiltzan bi taldeen aurka: Real Madrilen kontra Athleticek, eta Atletico Madrilen aurka Osasunak. Ez batek ez besteak ez zuten ezer jokoan, baina ez dizkiete gauzak errazak jarri aurkariei: 0-1 galdu du Athleticek, eta 2-1 Osasunak.
Valentzia 4-1 Eibar
Bolada onean zen Eibar, eta, Valentziak ezer jokoan ez zuela jakinda, armaginek gaur irabaz zezaketela zirudien neurketaren atarian. Ez da hala izan, ordea, eta gaurko porrotarekin Bigarren Mailako taldea da Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duena.
Gauzak azkar jarri zaizkie maldan gora armaginei: Guedesek bigarren minutuan sartu du Valentziaren lehen gola, Solerrek hemetzigarrenean bigarrena, eta Solerrek berak hamar minutu geroago hirugarrena. Itxaropenaren gola Bryal Gilek sartu du, 37. minutuan, eta neurketa hala joan da atsedenaldira: 3-1. Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, bere bigarren gola egin du Guedesek, eta halaxe amaitu da neurketa.
Alaves 4-2 Granada
Eibarrenaren aurkakoa izan da Alavesen norgehiagoka: hasieratik bideratu dute garaipena arabarrek. Pere Ponsek zazpigarren minutuan sartu du lehen gola, eta hogeigarrenean bigarrena Ruben Duartek. Atsedenaldiaren aurretik, abantaila murriztu du Jorge Molinak.
Bigarren zatian, ordea, neurketa berdindu du Puertasek, baina Mendizorrotzara porrotaren mamuak gerturatu orduko uxatu dituzte. Izan ere, berehala erantzun dute etxekoek: hamar minutuan bi gol egin dituzte, eta garaipena ziurtatu dute. Lehen Mailako taldea izango da aurrerantzean ere Alaves.
Reala 4-1 Valladolid
Garaipen erosoena Realak eskuratu du. Ez jaisteko lehian dabilen Valladolid zuen parean, eta erauntsi bat izan dira donostiarrak: 34. minuturako 4-0 aurretik ziren. Goleatzaileak hauek izan dira: Isak bi bider, Silva eta Januzaj. Ohorearen gola De Sousak sartu du, 81. minutuan, baina ez du larritasunik pasatu Alguacilen taldeak.
Athletic 0-1 Real Madril
Real Madrilek ederki sufritu behar izan du San Mamesetik hiru puntuak eramateko. Gaur galduta, Liga irabazteko aukera guztiak galduko zituzten madrildarrek. Neurketa gogorra izan da, eta Nachok 67. minutuan sartutako gol batek erabaki du.
Atletico Madril 2-1 Osasuna
Liderrari susto galanta emateko zorian izan da Osasuna. Lehen Mailan jarraituko zuela ziurtatu zuenetik, itxura ona ematen ari da Arrasateren taldea, eta horixe baieztatu du gaur: Atletico Madrili Ligako lidergoa kendu dio ia.
Neurketa madrildarrek kontrolatu dute, aukerarik onenak ere haiek izan dituzte, baina gola sartu ezinda ibili dira. Azkenean, saria eskuratu duena Osasuna izan da, eta 76. minutuan Budimirrek aurretik jarri ditu gorritxoak. Etxekoek, ordea, ez dute amore eman, eta Lodik norgehiagoka berdindu du, 82. minutuan; azkenean, Luis Suarezek erabaki du partida: 88. minutuan Ligako titulu bat balio dezakeen gola sartu du Uruguaiko aurrelariak.