Real Madril 3-1 Eibar

Eibar estu utzi du Madrilgo porrotak

Eibar saiatu da, baina ez du ezer handirik egiterik izan Real Madrilen etxean. Hiru golen aldearekin amaitu dute lehen zatia.

Kroosek sartu du lehen gola, hirugarren minutuan. KIKO HUESCA / EFE
2020ko ekainaren 14a
21:59
Entzun

Ataka zailean dago Eibar, eta gaurko partidak ez dio lagundu arnasa askorik hartzen. Ez da ezustekorik egon Real Madrilen zelaian, eta, Eibarrek borrokatzeari utzi ez badio ere, partida kontra izan du hasiera-hasieratik. Taldea jaitsiera postuen gainetik dago orain, bi punturengatik.

Kroosek hirugarren minutuan sartu du Madrilen lehenengo gola. Eibar saiatu da markagailuari buelta ematen, baina atsedenera joan aurretik are gehiago zaildu zaio egoera. Ramosek eta Marcelok gol bana sartu dute, 30. eta 36. minutuetan, hurrenez hurren.

Partida zaila zen, eta, bigarren zatia hiru golen aldearekin galtzen hasita, are zailagoa. Eibarrek ez dio utzi saiatzeari, hala ere, eta aurkarien areara iritsi da behin baino gehiagotan. Aldaketek lagundu diote indarra hartzen, eta, 60. minutuan, De Blasisen jaurtiketa batek Pedro Bigasen bizkarrean jo du, norabidez aldatu, eta Real Madrileko atezainaren hanken azpitik igaro da.

Eibarren hasierako hamaikakoan, Dmitrovic, Rober Correa, Oliveira, Arbilla, Rafa Soares, Sergio Alvarez, Edu Exposito, Cristoforo, Orellana, De Blasis eta Kike Garcia aritu dira. 57. minutuan, aldaketa hirukoitz bat egin dute: Bigasek Soares ordezkatu du, Pedro Leonek Orellana, eta Sergi Enrichek Garcia. Inui De Blasisen ordez atera da 78. minutuan, eta Burgos, berriz, Arbillaren ordez 84.enean.

Etxeko taldeak Courtois, Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo, Casemiro, Modric, Kroos, Rodrygo, Hazard eta Benzema zelairatu ditu hasieran. Bost aldaketa egin dituzte: Mendy atera da Carvajalen ordez (46’), Bale Rodrygoren ordez (61’), Militao Ramosen ordez (61’), Vinicius Hazarden ordez (61’) eta Valverde Modricen ordez (84’).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.