Bigarren jardunaldia igarota, Espainiako Ligako lehen mailako lidergoan jarraitzen du Eibarrek, Athletici Ipuruan 2-0 irabazi eta gero. Armaginak nagusi izan dira zelaian, eta bigarren garaipena lortu dute; sei puntutik, sei.
Lehen zatiko 34. minutuan hartu zuen aurre etxeko taldeak. Aymeric Laportek huts egin, eta Sergi Enrichi penalti egin dio atzelari zuri-gorriak. Saul Berjonek sareratu du baloia, Gorka Iraizoz engainatuz.
Atsedenaldiaren ostean, pauso bat aurrera eman du Athleticek, baina markagailuan aldea zabaldu du Eibarrek. Berjonek berak kornerra erdiratu, eta Adrianek baloia buruz loratu du, Iraizoz gaindituz. 61. minutuan egin du gol erabakigarria Eibarrek, eta hirugarrena egiteko aukerak izan baditu ere, hor amaitu da partida.
Hurrengo astean ez da ligako partidarik izango, eta irailaren 12-13an izango da hurrengo jardunaldia. Athleticek Getafe hartuko du etxean igandean (16:00), eta Eibarrek Malagaren zelaian jokatuko du igandean bertan (20:30).