Futbola

Eibar zuzenduko du bigarrenez Gaizka Garitanok

Bi sasoirako sinatu du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin bLehen aldian Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo zuen taldea

ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 7a
21:38
Entzun

Zurrumurrua baieztatu da. Gaizka Garitanok zuzenduko du datorren denboraldian Eibar. Iragan astean, Cesar Palacios kirol zuzendariak adierazi zuen argi zuela nolako entrenatzailea nahi zuen taldea zuzentzeko, eta ahalik eta azkarren lotu nahi zuela. Bada egun gutxira iritsi da berria.Azkenekoz bertan entrenatu eta sei urte geroago itzuli da Garitano. Bi denboraldirako kontratua adostu du klubarekin, hitzarmena beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Aurrekoan  bezala, Patxi Ferreira izango du bigarren entrenatzaile.

Palaciosek adierazi zuen kluba eta haren filosofia ondo ezagutzen zuen entrenatzaile bat izatea nahi zuela. Bada, Garitanok goitik behera betetzen ditu ezaugarri horiek. Jokalari gisa  167 partida jokatu zituen Eibarrekin, eta hamasei gol sartu.Entrenatzaile bezala, berriz,haren eskutik iritsi zen Lehen Mailara Eibar, 2013-2014 denboraldian. Aurretik jada hainbat sasoi  zeramatzan aulkian. 2009-2010 denboraldian hasi zen teknikari, Carlos Viaderoren laguntzaile moduan. Artean  2.B mailan zegoen Eibar. 2012-2013 denboraldian hartu zuen lehen entrenatzaile kargua, eta taldea Bigarren Mailara igo zuen, eta aipatu bezala, ondoren Lehen Mailara. Zurruntasuna izan zen Eibarren ezaugarri nagusia. Atzetik aurrera eraikitako taldea zen, lerroak elkartuta defendatzen zuen. Trantsizio azkarretan trebeago zen, atzetik jokoa sortzen bainoago. Gainera, geldikako jokaldietan eraginkorra zen, eta langilea. Jokalarien artean ziren, besteak beste, Xabi Irureta, Yuri Bertxitxe, Dani Garcia, Jon Errasti, Mikel Arruabarrena, Txea Añibarro eta Ander Capa.

Lehen Mailako estreinako denboraldi hartan jaitsiera postuetan amaitu zuen Eibarrek, baina salbazioa lortu zuen Elxek maila galdu zuelako diru kontuengatik. Garitanok ez zuen karguan segitu: «Ni naiz taldeak maila galdu izanaren arduradun nagusia. Bukatu da nire aroa Eibarren». Guztira 135 partida zuzendu zituen, 57 garaipen, 37 berdinketa eta 41 porrotekin. Jose Luis Mendilibarrek hartu zuen haren lekua. Orain, aldiz, alderantziz gertatuko da. Ondoren Garitanok Valladolid, Deportivo, eta Athletic zuzendu zituen. Zuri-gorrien aulkia urtarrilean utzi zuen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.