Blai eginda eta hotz gelditu ditu Eibarreko jokalariak eta zaleak. Las Palmasi irabazi eta beste denboraldi batez Lehen Mailan jarraitzeko ziurtasuna lortu nahi zuten gipuzkoarrek. Baina partida eskasa jokatu dute, eta kolpe bakarrarekin ezinean gelditu dira. Lehen zatian dezente gehiago izan da Las Palmas, eta lau aukera on huts egin ondoren, Bigasek sartu du 0-1ekoa, azken jokaldian, korner baten ondorengo burukadan.
Bigarren zatiaren hasieran Jota Peleteiro aldagelan utzi eta Adrian zelairatu du Jose Luis Mendilibarrek, eta bi pauso aurrera eman ditu Eibarrek. Baina aukera argiegirik sortu ezinik ibili da. Hori bai, epaileak adierazi gabe utzi du 63. minutuan Enrichi egin dioten penaltia. Aurretik beste penalti bat ere eskatu dute zaleek, Borja Bastoni egin diotena.