Futbolean ez dago atzera begira jartzeko denborarik, eta Eibarren gaur egin den agerraldia oso argigarria da. Denboraldiaren balantzea egitera atera dira hedabideen aurrera Amaia Gorostiza presidentea eta Jon Ander Ulazia kontseilari nagusia, baina apenas itaundu zaien bukatu denaz. Atzera begirakoan, erantzun bakarra: ". Ez dago jaitsieraren errudun edo arduradun bakar bat; denok gara erantzule". Datorrenak hartu du galderetan leku gehien, eta kluba bera ere aurrera begira dagoelako da. Bigarren Mailako lehen denboraldiari begira, zer? Presidenteak azkar esan du: "Lehen sasoi honetan saiatu nahi dugu berriz igotzen". Leundu egin dio erantzuna Ulaziak: "Baina ezin gara zoratu. Ez bagara lehen denboraldian igotzen, klubak badu egitura nahikoa saiatzen jarraitzeko hurrengo sasoietan ere". Alegia, bien erantzunak uztartzen badira, hauxe da baieztapena: "Eibarrek azkar igo nahi du Lehen Mailara, baina burua galdu gabe".
Aurrera begirako beste lan bat, eta funtsezkoa, premiazkoa: kirol zuzendari berria aukeratzea. Fran Garagarzak eta klubak adostu zutenez hark ez jarraitzea, beste batek behar du kirol egituraren buruan. Gorostizaren iragarpena: "Oso aurreratuta daukagu fitxaketa, eta aste honetan edo hurrengoaren hasieran iragarriko dugu". Geroko beste erantzunen batean ihes egindakoaren arabera, pertsona hori ez dago klubean: "Hona etorri behar du", esan du presidenteak. Izenen dantzan badira batzuk: Cesar Palacios, Fran Rico eta besteren bat. Nafarra bada "kanpotik" etorriko litzatekeena.
Kirol zuzendariaren atzetik entrenatzailearen izendapenak etorri behar duela ere esan dute bi agintariek. Ondorioa: esan gabe esan dute Jose Luis Mendilibarrek ez duela jarraituko. Zaldibarkoaren geroa bihar argituko da, iragarpen baten bidez. Entrenatzailearena kirol zuzendariaren ardura dela esan dute, eta fitxaketa horren berri ematea atzeratu egingo dela gehitu dute.
Jokalariak beharko ditu entrenatzaileak, jakina, eta kirol zuzendariak osatu beharko du taldea, aulkiko nagusiaren laguntzaz. Ulaziak iragarpena: "Eraberritu egingo dugu taldea". Sasoi honetako taldetik askok ez dutela segituko, ondorioz: "Utzita egon direnak ez, kontratua amaitzen zaienak ere ez, eta kontratua izan arren Bigarren Mailara jaisteagatik eten egingo zaienak ere ez". Azkenekoen barruan legoke Kike Garciaren kasua: kontratua du berez, berritu berri duelako, baina, zabaldu denez, badu klausula bat zeinaren arabera eten egingo den harremana, taldea jaisteagatik. Kontratu horiek badaudela esan du Ulaziak, eta zergatik dauden ere bai: "Klubaren bideragarritasuna bermatzeko egiten dira, ezin delako Lehen Mailan kobratzen duena Bigarren Mailan ordaindu, diru sarrerak jaitsi egiten direlako". Beraz, kontratua dutenetako batzuk ere ospa egiteko moduan izango dira.
Kirol zuzendaria, entrenatzailea, jokalariak... Denak klubaren berezko filosofiaren barruan, Ulaziaren arabera: "Eibarren badugu gauzak egiteko modu bat, betikoa izan dena Eibarren, eta hainbestetan erabilia izan den Eibar eredua. Etorriko diren berriek badakite zer eskainiko dien klubak, eta zer mugarriren barruan egin beharko duten lan.