Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Eibarrek bat egiten du nire bizi filosofiarekin»

Berritu egin du kontratua 2021era arte: «Norberak aurkitu behar ditu pozik egoteko lekuak, eta Eibar klub oso egokia da. Lanean lasai aritzeko aukera dago hemen».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hasi du hozten, eta Arrasaten azkar antzematen da. «Hotza datorrela diote», esan du Anaitz Arbillak (Iruñea, 1987),solasaldian hasi aurretik. Atxabalpe zelaiko prentsa aretora —obretako langileen txabola— sartu, eta epeltasunak hartuko ditu elkarrizketako esanak.

2021era arte luzatu duzu kontratua Eibarrekin, eta esan duzu ez duzula baztertzen bertan amaitzea zure ibilbidea.

Aurreko denboraldian hasi ginen hizketan, eta buruan neukan hemen segitzea. Oso pozik nago, eta oso garrantzitsua izan da berritze hau. Lasaitasun handia eman dit, egon nahi dudan lekuan nagoelako. 34 urterekin amaituko zait kontratua, eta hemen segitzea beste konturik ez daukat buruan.

Sekulako jokoa erakutsi zenuen aurreko denboraldian, eta Athletic eta Reala atzetik zenituela ere zabaldu zen. Hala izan zen?

Zurrumurruak izan ziren. Ez zen erraza izango 31 urterekin Eibarretik ateratzea, kontratua izanda. Ez nuen hemendik joan nahi, gainera, eta esan nion hori nire ordezkariari. Eibarren jarraitzea izan dut beti aurreneko aukera.

Zer dela eta?

Klubaren funtzionamenduak bat egiten du nire bizi filosofiarekin. Norberak aurkitu behar ditu lekuak pozik egoteko, eta familia ere eroso eta lasai ibiltzeko. Iruditzen zait Eibar dela leku egokia. Familia giro ederra dago klubean; eta, gainera, lanean lasai aritzeko aukera dugu. Ez zait gustatzen hedabideak eta jendea oso gainean egotea. Entrenatzaileak eta gainerako langileak oso gertukoak dira, eta horregatik guztiagatik erabaki dut Eibarren jarraitzea.

Lanerako lasaitasunik ez dagoen lekuak ezagutu al dituzu?

Rayo Vallecanon bada presio pixka bat, Madril delako. Inguruan hedabide dezente ibiltzen ditu, eta zelaia ere handia du. Jende asko joaten da. Espanyolen beste horrenbeste. Bartzelona hiri handia da, eta zale asko eta presioa daude.

Jokalariak jendearen aurrean egon behar duzue, milaka begi dituzue begira. Batzuei gustatzen zaie horrela bizitzea. Hala ere, lanerako lasaitasuna izatea ez al da garrantzitsuagoa?

Bakoitzaren araberakoa da jendearen aurrean egunero eroso egotea. Ez dut esan nahi Rayon eta Espanyolen deseroso egon naizenik, baina gustatzen zait nire bizitza pribatua izatea. Beste leku batzuetan aukera hori ez dago, baina hemen Eibarren, bai.

Eibar taldean pisu eta eragin handia al daukazu?

Kapitainen artean ez nago, baina lan guztiak denon artean egiten ditugu. Gure artean ez dago arazorik. Beterano batzuk gaude futbolean urtean daramatzagunak, eta baditugu metodoak taldea menderatzeko. Oso talde ona daukagu, giroa jatorra da.

Hemengoak izanda, ardura handiagoa daukazue zuk eta Asier Riesgok Eibar izan dena taldekideei azaltzeko, bidea gal ez dezaten?

Hemengoek ezagutzen dugu nolakoak garen Euskal Herrian, eta taldearentzat oso garrantzitsua da hemengo izpiritua ez galtzea. Orain, Asier eta ni bakarrik gaude euskal herritarrak, eta klubak badaki ondo dagoela hemengo jokalariak taldean edukitzea, bat, bi edo hiru izan. Eibar identifikatu egiten da klub moduan hemengo jendearekin, eta bermatu egin behar da hori ez galtzea. Horregatik da garrantzitsua bertako jokalariak edukitzea.

Denboraldi hasiera honetan eskas antzean ez al zara ibili?

Bai. Beti eskatzen zaigu sasoiko egotea, baina zaila da. Beti izaten ditugu gorabeherak jokalariok denboraldian zehar. Uste dut sekulako tartea dudala oraindik iaz bezain ondo aritu ahal izateko. Badakit liga hasiera ez dudala ona egin, nahiz eta oso txarra ere ez den izan. Une txar batzuk baino ez dira. Oso langilea naiz, eta egunero saiatzen naiz onena ematen. Hemendik gutxira lortuko dut oso ondo aritzea; ez dakit aurreko denboraldian bezala arituko naizen, baina saiatuko naiz.

Zergatik egiten zaizue aldapa gora lehiaketaren hasiera jokalari batzuei?

Buruarengatik izaten da batzuetan, ez zaudelako eroso, arrazoia edozein izanda ere. Halakoetan, jarraitu egin behar da lanean, eta ezin da esan «gaizki nago», eta bide bazterrean geratu.

Ez du ematen buruari buelta asko ematen dizkion horietakoa zarenik.

Bada, ematen dizkiot bai, eta asko, gainera. Gure partida guztiak ikusten ditut etxean, jokatu eta gero. Gustatzen zait nire hutsegiteak ikustea eta pentsatzea zer egin behar dudan hobetzeko. Bideoa hartu, eta hor ibiltzen naiz, aurrera, geratu, atzera... Ikusten ez den entrenamendua da. Dena hartu behar da: telebistan ikusitakoa, norberak zelaian sentitu eta egin duena, datu fisikoak ematen dituzten makinen informazioa...

Zertan hobetu behar duzu?

Fisikoki, hanketan indarra falta izan zait. Ez naiz oso garaia, eta behar dut txinparta hori. Orain ari naiz indartzen, entrenamenduen bidez.

Erdiko atzelari ala alboko atzelari, zer nahiago duzu?

Bietan eroso nabil. Pozik nago erdiko atzelari postuan. Aurreko sasoi osoa jokatu nuen leku horretan, eta eroso ibili nintzen. Ez dut baztertzen alboan aritzea ere, baina neure burua erdiko atzelari gisa ikusten dut.

Zuretzat ere ezustea izan zen aurreko sasoian erdiko atzelari gisa erakutsitako jokoa?

Lehen ere jokatu izan dut leku horretan, eta, adibidez, Athleticen bigarren taldean beti izan nintzen erdiko atzelari. Banekien balio dudala, baina ezustea izan zen niretzat ere aurreko denboraldikoa. Ikusirik, gainera, orain ez naizela ondo hasi, balio handia ematen diot iaz erakutsitakoari.

Mendilibarrekin erdiko atzelari jokatzea ez al da amildegiaren ertzean aritzea, oso aurreratuta egoten zaretelako?

Partida batzuetan, kosta egiten zaigu gure lerroak elkartuta egotea, eta liga hasiera honetan, aurreko sasoian bezala kosta egin zaigu. Orain hasi gara hartzen berriz elkarrekin jokatzearen mamia, eta ikusi zen Athleticen aurkako partidan.

Atzelariak ia zelai erdian egoteko ezinbestekoa da gainontzeko taldekideek lan ona egitea, baloirik ez oparitzea, ondo estutzea aurkaria...

Hori da. Taldeko lana da hau, eta ari gara hobetzen partidak aurrera doazen neurrian.

Faltak jaurtitzen ere trebea zara. Oraingo kontua da, ala beti gustatu izan zaizu?

Beti ibili izan naiz, baina gaztea zarenean ez da erraza besteek zuri ardura hori ematea, hierarkiak daudelako. Hemen, beteranoetako bat izanda, aukera badaukat [barrez].

Celtaren aurka ariko zarete gaur. Zer espero duzu?

Jokalari oso onak dauzka aurrean. Arazoak omen dituzte, baina ezin gara fidatu. Liga ero samarra dago, maila handia dago talde guztietan. Guk azkeneko bi asteetan bezala jarraitu behar dugu, eta Athleticen aurka egindako gauza onak atera. Uste dugu mugarri izan daitekeela partida hori. Ahalik eta azkarren utzi nahi ditugu atzean atzekoak, emaitza txarrak etortzen bazaizkigu ere, tartea izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.