FUTBOLA

Eibarrek bolada txarra eten du Gironan (2-3)

Eibartarrek denboraldiko lehen garaipena lortu dute etxetik kanpo. Charlesek, Arbillak eta Enrichek sartu dituzte golak. 

2018ko urriaren 6a
08:16
Entzun

Suspertu egin da Eibar Gironan (Herrialde Katalanak). Azken bi partidak galdu ondoren, irabazi egin du Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak, eta horri esker, lehen garaipena lortu du etxetik kanpo. Sailkapenean ere aurrera egin du, eta beraz, lasai eta gustura hartuko dute taldeko jokalari, teknikari, ordezkari eta jarraitzaileek bi asteko atsedenaldia.

Denetarik izan du neurketak: golak eta polemika; golak, bost, horietatik lau lehen zatian; polemika, bideoko epaileak (VAR-a) zerikusi handia izan baitu emaitzan. Bideoko epaileak esan dio epaileari Eibarren aldeko penaltia adieraz zezan. Eta Charlesek ez du huts egin, eta lehen gola sartu du 12. minutuan. 40. minutuan, berriz, banakoa sartu du Stuanik, eta bi minutu geroago 2-1ekoa. Bigarren gol horretan ere bideoko epaileak esan dio zelaikoari ontzat eman zezan, hasieran baliogabetu egin baitzuen. Hori bai, lau minutu luzean eten da neurketa. Zorionez, berehala suspertu da Eibar, eta Arbillak binakoa lortu du lehen zatia amaitzear zela. 

Askoz erritmo baxuagoa izan du neurketako bigarren zatiak. Gironak estu hartu du Eibar lehen minutuetan, eta Portuk bi aukera garbi izan ditu 3-2koa lortzeko. Hari falta izan zaion eraginkortasuna izan du Enrichek. Eibarreko aurrelariak hirugarren gola sartu du 72. minutuan. Ez da gol gehiago izan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.