Lehen mailan jarraitzeagatik festa giroan esan dio agur Eibarrek sasoiko Ipuruako azken partidari. Sailkapen erdialdean eta mailari eusteko estutasunik gabe, zaleei datorren sasoira arte agur esateko partida izan du Eibarrek. Hiru puntuak lortu ezinda, ez du galdu behintzat.
Izan ere, Betis aurreratu da markagailuan. 37. minutuan, Ruben Castrok egin du sevillarren gola, taldeko jokaldi baten amaieran atepean baloia bultzatuta.
Berdinketaren bila joan da Eibar, eta bigarren zatian heldu da gola. Caparen pase luzea baliatu du Sergi Enrichek 73. minutuan Adan atezaina gainditzeko. Bigarrena egiteko aukera ere izan dute armaginek, baina berdinketarekin amaitu da partida.
43 puntu ditu Eibarrek, eta 12. postuan da. Espanyolen zelaian jokatuko du sasoiko azken partida.