Orain arte jokatutako jardunaldietan 25 puntu batu ditu Gironak. Horregatik, 13.a da sailkapenean. Eroso dago momentuz, etxeko partidetan ezin erosoago aritzen delako. Bederatzi partida jokatu ditu bere zaleen aurrean, eta horietako bost irabazi ditu eta bakarra galdu. Montivilin hiru gol baino ez dizkiote sartu. Bada zerbait. Eibar han ariko da gaur. Carlos Pousok entrenatutakotaldea, ordea, ez dabil batere fin Ipuruatik urrun. Elxen Ligako lehen partida irabazi zuenetik, joan den abuztuaren 31tik, bi puntu baino ez ditu lortu etxetik kanpoko partidetan. Eta are okerragoa: hiru gol besterik ez du sartu; azkena, joan den urriaren 25ean, Rayoren zelaian. Bolada txar hori irauli nahi du gaur Katalinian.
Jon Urzelai atzelaria, baina, ez da izango han. Oñatiarrak orkatiletako bat bihurritu du eta, aurrenekoz denboraldi honetan, ez da aterako hasierako hamaikakoan. Aurreko larunbatean Xerezen kontra zelai erdian aritu zen Añibarro, eta berak beteko du, ziurrenik, Urzelairen tokia defentsaren erdialdean. Lombraña, berriz, hamaikakora itzuliko da, txartel horien pilaketa tarteko zigortuta egon ondoren.
Deialdian, bestalde, Mikel Arruabarrena etorri berria eta Carmelo sartu dira. Markel Robles kanpoan gelditu da. Carlos Pouso baikorra da. Xerezen aurka partida osoa jokatu zuen Eibarrek joan den astean, eta gaurko lehiarako ere badu konfiantzarik: «Oso indartsua da etxean, ospe handiko taldeei irabazi die. Badakigu zaila izango dela, baina badugu zer edo zer ona lortzeko itxaropena».
GIRONA-EIBAR
Girona. Ponzo; Jose, Serra, Rangel, Migue; Chechu, Matamala, Manga, Xumetra; Felipe eta Paco Esteban.
Eibar. Zigor; Raul Garcia, Añibarro, Biel Medina, Ivan Romero; Larrazabal, Lombraña; Codina, Carlos Ruben, Sutil; eta Yague.
Epailea. Melero Lopez.
Lekua. Montivili (6.500).
Ordua. 17:00etan.
Eibarrek etxean oso ondo ari den talde baten kontra jokatuko du gaur: Gironaren kontra
Urzelai atzelariak orkatila bihurrituta dauka, eta sasoi honetan aurrenekoz ez du jokatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu