"Legea betetzera behartuta gaude". Hitz horiekin argitu du Alex Aranzabal Eibarko presidenteak —Josemi Fiallegas administrazio kontseiluko kidea ondoan zuela— Espainiako Kirol Kontseilu Gorenarekin izandako bileraren ondorioa. "Hori bai, helegitea jarriko diogu kapital handitzearen proposamenari. Klubaren egoera gizarte kapitalak erakusten duena baino hobea dela erakusteko jarriko dugu helegitea".
Izan ere, Eibarko presidenteak irmoki defendatu du klubak ez daukala "zor bakar bat ere". Balizko akzioen zenbatekoa ere argitu du Aranzabalek. "60,10 euroko kostua edukiko dute, baina, erosteko asmoa daukanak, 50 euro ordaindu beharko ditu, eta beste 10,10 euroak klubak berak jarriko ditu". Akzioak erosteko muga bat jartzea aztertzen ari da kluba. "Inor klubaren jabe egin ez dadin".
Apirilaren 7an egingo dute Akziodunen Ezohiko Batzarra, 19:30ean. Lasai egoteko mezua helarazi die presidenteak zaleei. "Geure esku dagoen guztia egiten ari gara". Parean daukatena "bost hilabeteko maratoi luzea" dela, eta Ezohiko Batzarra egin aurretik helegitearekin zer gertatu den argituta egongo dela ere azaldu du Eibarko presidenteak.
Zergatik behar ditu 1,7 milioi zorrik ez duen talde batek?
Eibarrek 1.724.272,95 euroko kapital handitzea egin behar du abuztuaren 6a baino lehenago. Baina, zergatik? Lege betebeharra da. Espainiako Gobernuaren errege dekretu batek talde profesionalak gutxieneko kapital sozial bat izatera behartzen ditu zorrak saihestu eta inbertsiogileen interesak babesteko. Kopurua taldeak diharduen mailako beste taldeen gastuarekin alderatuta kalkulatzen da. Handiena eta txikiena baztertu, gainontzekoen batez bestekoa egin, eta %25 kalkulatu. Kopuru horri taldearen ondasun negatiboa gehitu behar zaio.
Eibarrek zorrik ez duenez, behar duen kapitala 2.146.525,95 eurokoa da. Taldea elkarte anonimo bilakatu zen 1992an, 422.253 euroko kapitalarekin; beraz, falta diren 1.724.272,95 euroak behar ditu orain. 2. Mailan egon zen bitartean Eibarrek ez zuen dekretua bete behar, baina LFPtik kanpo bi urte baino gehiago egin dituenez, orain derrigortuta dago [Iturria: http://eibar.org/blogak/josu].
Kapital hori biltzeko akzioak saldu behar ditu, eta horrek taldearen jabetza kolokan jar dezake. Mugimendu politikoak egon dira Gipuzkoako Aldundia, EAJ eta PSEren aldetik, Eibar obligazio hori betetzeaz salbuesteko eskatuz. Prietok badaki arazo larria dela: «Kontraesanezkoa da, talde eredugarria gara, baina horrek ez gaitu dekretua betetzeaz salbuesten. Arriskua hor dago, iragan sasoian Guadalajara 2. B Mailara jaitsi zuten. Aldiz, beste talde batzuk, zor handiekin, lege hori saihestea lortu dute».