FUTBOLA

Eibarrek indarrean segitzen du (4-1)

Eibartarrek nagusitasunez irabazi diote Gironari Ipuruan. Inuik bi gol sartu ditu, eta Charlesek eta Joan Jordanek bana. Zazpigarren postuan dira berriro sailkapenean. 

2017ko abenduaren 21a
21:20
Entzun

Eibarrek aho zapore gozoarekin amaituko du urtea. Ez da harritzekoa, Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldea bolada bikainean baita. Sei jardunaldi daramatza galdu gabe: bost partida irabazi ditu eta bat berdindu. Beraz, jokoan egon diren azken hemezortzi puntuetatik hamasei eskuratu dituzte eibartarrek. Horri esker, jauzi handia eman dute sailkapenean. Zazpigarren postuan dira orain, 24 punturekin, Vila-realek adina. Herrialde Katalanetako taldeak, hala ere, neurketa bat gutxiago jokatu du, larunbatean Mestallan Valentziaren aurka jokatu beharrekoa, hain zuzen ere.

Hasi eta buka nagusitu zaio gaur Eibar Gironari Ipuruan. Bikain ekin dio neurketari, minutua bete aurretik Inuik gola sartu baitu. Etxekoak ez dira lasaitu, eta indarrean jarraitu dute. Hala, hamar minutu eskas geroago Charlesek bigarren gola sartu du. Gironak, ordea, ez du amore eman, eta 26. minutuan gola sartu du, Timorrek egindakoa. Hala, 2-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Ezer ez zegoen erabakita. Atsedenalditik bueltan gogotsu zelairatu da Eibar, partida erabakita uzteko asmoz. Eta lortu du, 56. minutuan hirugarren gola sartu baitu Inuik. Sasoi betean da erdilari japoniarra, azken bi norgehiagokatan hirutan bidali baitu baloia sareetara. Bikain ari da ere Joan Jordan. Atzo berak sartu zuen neurketako laugarren gola, 93. minutuan. Festa izan zen partida amaieran Ipuruan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.