Lehen Mailako laugarren jardunaldiaren barruan, Eibarrek bigarren garaipena lortu zuen atzo, Espanyolen zelaian. 0-1 irabazi zuten Iker Dorronsororen jokalariek. Realak, aldiz, sasoiko lehen partida galdu zuen, Madrilen aurka, 1-0. Athleticek berdindu egin zuen Valentziaren zelaian, 1-1.
Eibarrek ez zuen aurkari samurra Bartzelonan. Bi puntu goitik zela ekin zion Espanyolek, bi norgehiagoka irabazita. Dorronsorok bezperan esan zuen bezala, atzoko aurkariak asko hobetu du, aurreko sasoian atzeko zuloan baitzegoen COVID-19ak lehiaketa eten zuenean. Kontuak kontu, armaginak hiru punturekin itzuli ziren Eibar aldera, Thembi hegoafrikarrak 19. minutuan sartu zuen golari esker.
Ondo ekin zion partidari Eibarrek, eta, ondorioz, atsedenaldira aurretik joatea ez zen harrigarria izan. Beste kontu batzuk izan ziren gero, bigarren zatian. Etxekoek estutu egin zuten berdinketaren bila, eta Eibarrek hiru puntuak ekarri bazituen, Malena atezainaren lan bikainari esker izan zen neurri handi batean.
Realak ezin izan zuen poz hori sentitu. Madrilek 37. minutuan sartu zion gola, Priscilaren bitartez, eta Natalia Arroyoren jokalariak ez ziren gai izan puntua urratzeko ere. Aukerak izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Etxekoek ere izan zuten modua aldea handitzeko.
Athleticek, berriz, ez galdu eta ez irabazi. Izan zuen aukera hiru puntuak ekartzeko, 41. minututik aurrera aldekoa izan zuelako emaitza, Erikaren golarekin. Baina ezin aldeari eutsi gero, eta Carla Bautistak egin zuen berdinketa, 78. minutuan. Ligako bigarren berdinketa da zuri-gorrientzat.
Eibarrek irabazi, Athleticek berdindu, eta Realak galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu