Nemanja Maksimovicek baloia eskuaz ukitu du 89. minutuan, eta, horri esker, Eibarrek penaltiz sartu du Getaferen aurka jokatu duen partidako gol bakarra. Garaipenak itxaropena piztu die armaginei, lehen mailan jarraitzeko aukera handiagoa baitute orain.
Eibarrek sei hilabete eman ditu Ipuruatik kanpora irabazi gabe, eta hondoa jota zegoela, bigarren garaipena lortu du jarraian. Valladolidek galduz gero, salbaziotik bi puntura egongo da soilik. Alfonso Perez zelaian, bi taldeek asko jokatu dute, huts egiteko aukerarik utzi gabe euren buruari, eta ez da aukera berezirik egon. Lehen zatiko datu honek erakusten du hori: 45. minutua bete denerako, jokoa geldirik egon da 31 minututan.
Denbora horretan, bi aukera egon dira soilik. Sergi Enrichen jaurtiketa bat atearen gainetik irten da, eta Jaime Matak gaizki bota du beste bide bat hartzeko tokia eta denbora zituenean. Gainontzean, ezer ez. Etenak, zelaitik zelairako baloikadak eta kolpeak.
Djene Dakonamek zelaia utzi behar izan du salto batean zerbikalak bihurritu eta gero. Mauro Arambarrik lurrean amaitu du Kike Garciaren ukondokada bat jasota.
Bigarren zatian, jokalarien indarra galdu izanak sor zezakeen joko gehiago, baina euri jasa batek hartu ditu 22ak atsedenetik itzuli direnean. Hala ere, pixkanaka, iritsi dira aukera batzuk. Lehenengoak, buruz. Sergi Enrichena bata eta Enes Unalena bestea. Hirugarren abisua David Timorrek eman du: bere zelaitik jaurti du baloia, eta Eibarreko atezaina ustekabean harrapatu du ia.
Mathias Oliverak izan du aukera bat, baina ez du asmatu baloiari jotzen. Ez dute asmatu, ez alde batekoek, ez bestekoek. Estatistika ere ez zuten alde: Eibar eta Getafe, aldeko 26 golekin, gol gutxien egin dutenak dira denboraldi honetan.
Jokaldia iritsi den arten. Maksimovicek, amaieran, eskuarekin eman dio baloiari area barruan. Reciok ez du hutsik egin, eta Eibarrek etsipena utzi eta itxaropena lortu du une batetik bestera. Mendilibarrek eta haren jokalariek piztuta mantendu dute lehen mailako ametsa.