Eibar

Eibarrek kanporaketak jokatu beharko ditu Lehen Mailara igotzeko

Armaginei berdinketak balio zien zuzenean igoera lortzeko, baina Alcorconek, jokoan ezer ez izanagatik ere, 91. minutuan sartu du gola.

Eibarreko jokalari bat gola sartu nahian, gaur, Alcorconen. FERNANDO ALVARADO / EFE
Aitor Manterola Garate - Paulo Ostolaza
2022ko maiatzaren 29a
22:10
Entzun

Huts sinestezina egin du Eibarrek: Lehen Mailara igotzeko, Gaizka Garitanoren taldeak nahikoa zuen berdinketarekin (Almeriak 2-2 berdindu du Leganesen), baina armaginek galdu egin dute Alcorconen zelaian, maila galdua zuenaren jokalekuan. Igoera lortzeko, kanporaketak jokatu beharko dituzte orain.

Eibar lehen postuan heldu da azken jardunaldira, eta garaipenak igoera ziurtatzen zion. Berdinketak ere bai, Almeriaren emaitza ikusita. Baina ez du hori ere lortu: Giovanni Zarfinok 91. minutuan sartu du Alcorconen gola, eta gipuzkoarrek lanean jarraitu beharko dute. Kanporaketa horietan izango dira Las Palmas, Tenerife eta Girona taldeak, Eibarrekin batera. Valladolidek eta Almeria igoera lortu dute igandean.

Ipuruan bezala jokatu du Eibarrek, zale ugari joan baita Espainiako herrira taldea animatzera. Ez zen gutxiagorako. Handia izan baitzitekeen lorpena: denboraldi bakarra da taldea Lehen Mailatik jaitsi zela, eta, urtebeteren buruan, elitera itzul zitekeen atzo. Bigarren aldia izango zukeen, duela zortzi urte, maiatzak 24 egun zituenean, lortu zuelako lehen igoera. Orduan eta orain, entrenatzaile bera du taldeak: Gaizka Garitano Agirre. Eiba zazpi denboraldiz egon zen Lehen Mailan.

Dena den, denboraldi ona egin du Eibarrek. Jardunaldi askotan egon da igoerako postuetan. Hasi ez zen ondo hasi, taldea eta entrenatzailea ia erabat berriak zirelako, baina azkar hartu zion neurria lehiaketari. Lehen itzulia bigarren lekuan bukatu zuen, 11 garaipenekin, sei berdinketarekin, eta soilik lau partida galduta; 80 punturekin bukatu du sasoia. Almeriak eta Valladolidek 81 lortu dituzte. Kanporaketetan erabakiko da guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.