Espainiako Kopa

Eibarrek larri egin du aurrera; Realak, erraz; eta Rayok kaleratu egin du Barakaldo

Armaginek emaitza irauli behar izan dute (1-2), eta azken jokaldian Cacereñok bere atean sarturiko golak eman dio garaipena. Txuri-urdinek bigarren zatian bota dute Ceuta (0-4). 

jarraia176078.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 12a
10:17
Entzun

Eibar eta Reala Espainiako Kopako final-hamaseirenetan izango dira. Armaginek Cacereño kaleratu dute gaur (1-2), eta txuri-urdinek, Ceuta (0-4), biak ere Hirugarren Mailako taldeak. 

Estu eta larri ibili da Jose Luis Mendilibarren taldea. Oso zelai eskasaren gainean jokatu behar izan dute, eta moldatu ezinda ibili dira jokalariak. Hori gutxi ez, eta 64. minutuan gol bat sartu dio etxeko taldeak, Marcos Torres jokalariak. Orduan suspertu dira armaginak, eta aurkaria bere zelaian estu hartzen hastea dena bat izan da. Pedro Leonek sartu du berdinketaren gola, jaurtiketa indartsu batekin, 78. minutuan, eta azken-azken jokaldian lortu du garaipena Eibarrek; oso era krudelean, etxekoen ikuspegitik, Angel Delgadok bere atean gol bat sartu baitu partidako azken jokaldian. 

Reala errazago moldatu da Ceutan, eta, bigarren zatian hamaika minutuan egindako lau golei esker, aurrera egingo du txapelketan. Sangallik sartu du aurreneko gola, 54. minutuan; Januzajk bigarrena, bi minutu geroago. Sangallik bere bigarren gola sartu du, 61. minutuan, eta Barrenetxea izan da laugarren golaren jabea, 64.ean. 

Barakaldo ez da izango hurrengo kanporaketan, Rayo Vallecanoren aurka galdu egin baitu Lasesarre zelaian, 0-2. Vallecas auzoko taldearen lehen gola Pozok egin du, 14. minutuan, eta bigarrena Piovaccarik (Eibarreko jokalari ohia), 84.ean. Ezusterik ez da izan, hortaz, eta Bigarren Mailako taldeak bere legea ezarri du. 

Hurrengo kanporaketako zozketa asteartean egingo da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.