Eibar 3-2 Sevilla

Eibarrek lehen garaipena lortu du ligan (3-2)

Bigarren zatian sarturiko hiru golekin irauli du Sevillak lehenengoan ateratzen zion aldea

Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 26a
23:42
Entzun

Eibarrek biderik zailena urratuz lortu du liga honetako aurreneko garaipena: Sevillak lehen zatian alde zuen 0-2ko emaitza irauli du bigarrengoan. 3-2 irabazi dio Ipuruan, azken 25 minutuetan Orellanak penaltiz, Pedro Leonek (77. min.) eta Jose Angelek (82. min.) sarturiko golekin.

Sekulako balioa dauka gaurko garaipenak, eta ez soilik puntuengatik. Premian zen taldea, bi puntu eskas aterata lehen bost partidetan, sailkapeneko zuloan, eta gaurko hiru puntuekin atzealdetik atera egin da. Horrez gain, garaipena lortzeko moduak ere indar handia emango die jokalariei. Izan ere, lehen zati oso eskasa egin du Eibarrek, denean, eta Sevillak nahi bezala erabili du etxeko taldea. Atsedenaldiko 0-2ko emaitzak ondo azaltzen du zer gertatu den lehen zatian. Ocamposek 11. minutuan, eta Torresek 33. minutuan kolpe mingarriak eman dizkiote etxeko taldeari.

Ordurako egina zuen lehen aldaketa Jose Luis Mendilibarrek, Inui kendu baitu 31. minutuan, Escalante sartzeko, zelai erdia indartzeko asmoz. Aldaketak ez dio onurarik ekarri, ordea, taldeari, eta alderrai segitzen zuten jokalariek. Bigarren zatiaren hasieran ere antzera ibili dira, konfiantzarik gabe, etsita bezala, eta makal.

Erdiraketak ateratzen hasi denean itzuli da betiko Eibar, eta 55. minututik aurrera hasi da jokoa menderatzen. Sevillak ere eman dio aukera, atzean sartu eta baloia eman diolako etxeko taldeari. Ondo baliatu du aukera Mendilibarren taldeak, eta haren zelaian preso sartuta eduki du aurkaria partida amaitu arte. Hain ondo menderatzen duen jokoa eginez eman dio buelta emaitzari, eta garaipenen bidera itzultzeaz gain, betiko Eibar ere azaldu da berriz, Ipuruako sasoi honetako bigarren partidan. Inoiz ez da berandu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.