Eibarrek puntu bat gehiago dauka sailkapenean, eta lehen zeukanari batuta, birekin azaltzen da sailkapenean. Levanteren zelaian eskuratu du gaur puntu alea, eta ez dio balioko zulotik ateratzeko, oso uzta txikia delako bi puntu batzea hamabost jokoan jarri eta gero.
Gol askoko partida aurreikusi zuen bezperan Jose Luis Mendilibarrek, eta eskatu egin zion taldeari gol bat baino gehiago sartzeko hiru puntuak batzeko. Bi taldeen arteko partidetako aurrekariak kontuan izanda, ez zebilen gaizki Zaldibarko entrenatzailea, Levantek eta Eibarrek 34 gol sartu baitzituzten haien arteko azken zortzi partidetan. Gaur, ordea, alerik ere ez, biek aukerak sortu dituzten arren, garbi samarrak ere bai horietako batzuk.
Irekia izan da lehia, alde batetik bestera azkar joan zaleak direlako bi taldeak, baloia berreskuratu eta segituan aurkitu nahian aurrelariak. Gaur ere molde horretan ibili dira, baina golik ez dute sartu. Beroak eta nekeak ere eragin du taldeak haustea, gora heltzen ziren jokalariei kosta egin zaielako defentsako lanera itzultzea.
Eibartarren aukera onenak Inuik izan ditu. Seigarren minutuan, japoniarraren jaurtiketa Aitor atezainak urrundu du oinarekin. Partidaren azkenera izan du beste aukera bat, eta hau ere aurrekoa bezala bukatu da. Beste aukera ona Eibarrena Quiquek izan du 48. minutuan, baina zutoinak galarazi dio gola.
Levanteren kasuan, Campañak ez du asmatu baloia atera botatzen zazpigarren minutuan , eta Rochinak gauza bera egin du 42.ean. Eibarreko atezainak, Dmitrovicek ere galarazi ditu etxekoen aukerak, Mayorali eta Moralesi 50. eta 57. minutuetan.
Hurrengo partida Ipuruan jokatuko du Eibarrek: datorren ostegunean, Sevillaren aurka (19:00).