FUTBOLA

Eibarren erakustaldia (5-1)

Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak astindu latza eman dio Sevillari Ipuruan. Garaipenari esker, puntu bakarrera dute eibartarrek Europa.

2018ko otsailaren 3a
15:43
Entzun

Eibarrek hiru jardunaldi zeramatzan irabazi gabe. Ondo jokatzen ari zen, baina ez zuen lortu joko onari emaitza ona gehitzea. Gaur, ordea, biak lortu ditu, bikainak izan baitira jokoa eta emaitza. Bisitari bihurria zuen Ipuruan, Sevilla, baina Eibar goitik behera nagusitu zaio. 5-1. Azken emaitzak ez du zalantzarako izpirik uzten. 

Eibartarrek bikain ekin diote neurketari, minutua bete aurretik sartu baitute lehen gola. Kike Garciak egin du. Indarrean jarraitu dute, eta hala, ordu laurdenera Orellanak bigarrena sartu du. Partida erritmo bizi-bizian zihoan, eta hala, bost minutu geroago Sevillak aldea murriztu du. Epaileak zalantzazko penaltia adierazi du, eta Sarabiak ez du huts egin. Golak, ordea, ez du etxekoen oldarraldia eten. Hamar minutu eskas geroago Ramisek sartutago gola da horren erakusle. Atsedenaldian, beraz, garaipena nahiko bideratuta zuen Eibarrek, 3-1 baitzen.

Badazpada, eta hiru puntuek ihes egin ez zezaten, indartsu ekin diote bigarren zatiari berriro etxekoek. 61. minutuan Orellanak laugarrena egin du, bere bigarrena. Gol horrek erabakita utzi du norgehiagoka. Arbillak jarri dio ginga gero, falta jaurtiketa eder bati esker bosgarrena eginda. Azkenean, txalo zaparrada egin diote ikusleek taldeari. San Blas, egun berezia zen atzokoa Eibarren, eta Ipuruak ondo ospatu du.

Sailkapenean, Eibarrek 32 puntu ditu orain. Puntu bakarrera du Sevilla, Celtak gaur zer egingo zain, seigarren postuan dagoena. Hain zuzen, seigarren postua da datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatzeko eskubidea ematen duen azken postua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.