Reala 4-Eibar 1

Eibarren jai, Donostian festa

Realak irabazi du Eibarren aurkako derbia. Donostiarrek nahieran jardun dute bigarren zatian; haien erritmoari segitu ezinik aritu dira armaginak

Mikel Merino, buruz errematea egiten. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 30a
22:07
Entzun

San Andres eguna da gaur, egun handia Eibarren, baina Donostiako taldeak egin du festa. Realak aise azpiratu du Eibar, lau eta bat, eta zapuztu egin du armaginen jaia. Bi taldeak garaipen egarriz zelairatu dira Reale Arenan, baina etxekoak hobeto moldatu dira orain egun gutxi berritutako zelaian.

Derbi eguna da, baina harmailek ez dute halako itxurarik izan. Azaroaren azken egunak murriztu egin du eibarzaleen presentzia, eta, eguraldi kaskarraren ondorioz, etxean geratu dira donostiarren zale asko. Bertaratu direnak, ordea, bero atera dira Anoetatik; sasoi honetako gol sardarik handiena sareratu dute Imanol Alguacilen jokalariek.

Hasi, berri txarrekin hasi da norgehiagoka etxekoentzat. Seigarren minuturako min hartu du Aritz Elustondok, eta zelaitik atera behar izan dute kolpe baten ondorioz. Robin Le Normandek ordezkatu du Beasaingo atzelaria, eta ezin hobeto aprobetxatu du bere aukera bretainiarrak. Korner batean buruz errematatu du, eta Dimitrovicen atean sartu du baloia. Gisa horretara lortu du bere lehendabiziko gola gorengo mailan.

Hurrengo minutuetan beren nagusitasunari eutsi diote donostiarrek, baina arrakala handitzea lortu gabe. Indarrek berdintzera egin zuten gero, eta aurrerapauso bat eman du Eibarrek. Ondo atera zaie jokaldia Jose Luis Mendilibarren jokalariei; hurrengo minutuetan erasora egin dute, eta aurkitu dute Alex Remiroren atea zulatzeko zirrikitua.

Zutoinera botatako jaurtiketa baten aldaratzea Pape Diopi iritsi zaio, eta hark indarrez jaurti du baloia txuri-urdinen atera. Lehen zatia amaitzerako, indarrak orekatu ditu armaginen jokalariak. Lehen zatiaren hondarrean, bi taldeak saiatu dira aurkaria estu hartzen; saialdi horietan Realak izan ditu aukerarik nabarmenenak, baina ez du lortu nahi besteko minik egitea. Bi taldeak berdinduta joan dira atsedenaldira.

Epaileak jokoa berrekin orduko, baina, urrats bat aurrera egin du Realak. Alguacilenek beren legea ezarri dute bigarren zatian; jokoan gehiago izan dira etxekoak, baina xehetasun txikiek bota dute balantza Realaren aldera. Haiek erabaki dute neurketa.

Bigarren zatia hasi bezain pronto handitu du aldea Mikel Oiartzabalek. Bere herriko taldearen atea zulatu du eibartarrak, ondoen egiten dakien eran: zarata handirik atera gabe, baina unerik garrantzitsuenean aurkariari min eginez.

Aurretik zen Reala, eta Eibar zer egin ez zekiela geratu da. Geldikako jokaldietan min egin dietela azaldu du Mendilibar Eibarko prestatzaileak partidaren amaieran: «Bigarren zatian oso gaizki atera gara. Erraz egin digute gola. Gure aldaratzeak haiengana joan dira, eta min handia egin digute haietan». Hurrengo minutuetan ere egoerak ez du hobera egin bisitarientzat; markagailuan aurretik jarrita, hazi egin dira txuri-urdinak, eta partidaren jabe egin dira gutxika-gutxika.

Gustura agertu da Imanol neurketaren amaieran, eta berdinketako golaren ostean bere jokalariek izandako jarrera goraipatu du: «Akatsek ez dute zalantzarik ekarri behar; bestela, jai dago. Berdinketaren ostean, baloia jaitsi behar genuen, jokatu. Horretan segitu behar genuen, eta egin dugu. Horrek eman digu garaipena».

Ordutik eta partida amaitu bitartean ez du atsedenik hartu Realak. Oso distiratsu jokatu gabe, baina erreskadan sartu ditu golak, eta Eibarrek ez du aukerarik izan neurketari berriz ere heltzeko.

Partidak aurrera egin ahala, aldea handitu dute etxekoek; bazekiten partida garrantzitsua zela azkenaldiko makalaldiari amaiera emateko. Willian Josek sartu du donostiarren hirugarren gola; brasildarrak bularrarekin kontrolatu du baloia, eta Dimitrovic ez iristeko moduan sareratu du baloia. Sasoi onean da aurrelaria; etenik gabe ari da golak sartzen.

Garaipena zakuan zuela, nahieran aritu da Reala azken minutuetan. Txuri-urdinen artean, Martin Odegaardek zuen partida zukutzeko asmorik handiena, eta saialdiek fruitua eman diote neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela. Ordurako, Realak azpiratua zuen Eibar, baina armaginek ez dute etsitzeko asmorik, eta erasora jo dute ahal izan dutenetan. Jokaldi haietako batean, kontraerasora jo du Realak, eta Cristian Porturen pase bat jaso du Odegaardek; erdilari norvegiarrak eskuadrara jaurti, eta geratu ezinezko gola sartu du.

Gehiagorako aukerarik gabe, Anoetan geratu dira gipuzkoarren arteko derbian jokoan zeuden hiru puntuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.