Txirrindularitza

Eibartik Bilbora jokatuko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia

Arrateko gainak lehen aldiz hartuko du lehenbiziko etapa. Bizkaiko hiriburuko 21 kilometroko erlojupekoak erabakiko du lasterketa.

Eraso, Albistegi eta Laiseka, goizeko aurkezpenean. JON URBE / FOKU
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 13a
12:50
Entzun

Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileek berezitasun bat ezarri zuten iaz, lasterketa erlojupeko etaparekin hasita. Aurten, azkeneko etapara itzuliko dute erlojupekoa, baina bertze berezitasun bat izanen du lehenbiziko etapak: Arraten bukatuko da. Gaur egin dute Itzuliaren aurkezpen ofiziala Eibarren (Gipuzkoa), heldu den apirilaren 6an lasterketa hasiko den hirian. Hil horren 11n bukatuko da, Bilbon, sei etapa jokatu ondoren. 897 kilometro izango ditu guztira.

Julian Eraso OCETA Euskal Txirrindularitza Antolakuntzako zuzendariak, Roberto Laiseka Itzuliko zuzendari teknikoak eta Alberto Albistegi Eibarko Udaleko zinegotziak egin dute aurkezpena, Eibarko Udaletxeko areto nagusian. Euskal Bizikletak eta Euskal Herriko Itzuliak bat egin zutenetik (2009), 2017an ez bertze urte guztietan bukatu da etapa bat Arrateko gainean, baina beti hirugarren egunetik aitzinera. Aurten, ordea, faboritoen artean lehenbiziko lehia sortzeko egitekoa izanen du euskal txirrindularitzako gain historikoak. 160,2 kilometrokoa izango da lehen etapa hori.

Bigarren etapan, ordea, inoiz igo gabeko mendate batean izanen dute helmuga: Laudioko Ermualde mendatean. 3,1 kilometroko igoera motza da, baina %11,05eko batez bertzekoarekin. Araban jokatuko da etapa hori, 162,8 kilometrokoa, Amurriotik hasita.

Hirugarren etapa izanen da luzeena, ia 200 kilometrokoa, Gasteizen eta Ibardingo gainaren artekoa. Zortzi urteren ondoren bueltatuko da Itzulia garai batean igoera klasiko bat zen Nafarroako mendate horretara.

Laugarren egunekoa izanen da mendate batean bukatuko ez den lehenbiziko etapa, Bera (Nafarroa) eta Errenteria (Gipuzkoa) artekoa. Hala ere, hiru igoera egin beharko dituzte txirrindulariek 176 kilometrotan zehar; azkena, helmugatik hamahiru kilometrora, motza baina gogorra: Erlaitz.

Azken-aurreko etapak du aukera gehien esprintean bukatzeko, Errenteriatik Sestaoraino (Bizkaia) jokatuko dutenak. Erlojupeko erabakigarriaren aitzinekoa izanen da, 180 kilometrokoa. Apirilaren 11n, larunbatarekin, erabakiko da itzulia, Bilboko karriketan, 21 kilometroko bakarkako lanean.

Erasok ez du baieztatu nahi izan zer txirrindularik hartuko duten parte Itzulian. «Esan dizkigutenak etortzen baldin badira, Itzuli bikaina izango da», esan du, halere.

Ion Izagirre Astana taldeko ormaiztegiarrak irabazi zuen iazko Itzulia. Hamasei urte igaroak ziren euskal herritar batek azkenekoz irabazi zuenetik —Iban Mayok, 2003an—. Jose Antonio Gonzalez Linares eta Alberto Contador espainiarrak dira garaipen gehien dituztenak: launa. Egungo tropelean ez dago behin baino gehiagotan irabazi duen txirrindularirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.