Ekaitza dago Sevillan

Bilbo Basketek komeria franko izan ditzake liga bukaeran gaur Sevillan galtzen badu; irabaziz gero, lasai egingo du lo

Sonseca, sasoi honetan, CAIren aurkako partidan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ekaitza dago Sevillan, eta han gera dadila, Bilbon eguraldi gozoa dago eta. Euria ari du goian eta behean Sevillan. Aste Santuan gertatu bezala, Pazko Astea ere trumoi soinu eta tximista argien tartean bukatuko dute Espainiako labean. Kirol arloan ere ekaitz giroa jasan zuen Cajasolek, ez urrun. Eurokopako Lauko Finala gogoan, ACB liga bazterrean utzi eta sei partida galdu zituzten jarraian. Zortzi onenen artean sartzeko aukera oro galdu zuten, baina Eurokopako txapeldunorde tituluak itzalpean utzi zuen etxeko liga.

12. postuan, eta zortzigarren koska hiru garaipeneko tartera, liga duintasunez bukatzen saiatzeko konpromisoa hartu zuen Cajasolek. Konpromiso horrek bi garaipen ekarri ditu, bi partidatan, Estudiantes eta Manresaren aurka, eta Cajasol 15-16 balantzearekin dago orain. Oraindik bi garaipenera du kanporaketen langa, baina aukera matematikoa, eduki, badauka, eta aukera hori desagertu arte liga hasierako talde zaila bilakatu da Cajasol. Defentsan zorrotz aritzen zen hura, Bullock onena berreskuratu duen taldea, Satoransky gazteak Calloway herren ari den jokalaria ezin hobe ordezkatu duelako eta Paul Davis pibot dotoreak atzean utzi dituelako bere gorabeherak indartsu bukatzeko. Kontuz, beraz.

Kontuz, partida galduz gero azken bi jardunaldi gaizto izango baititu Bilbo Basketek. 18-14 balantzearekin geratuko litzateke galduz gero. Gaur-gaurkoz galdutako partida kopuru horretan dago muga; Valladolid dago muga horretan. Kontua da bizkaitarren aurkari denek dituztela partida zailak: Valladolidek Gasteizen, Fuenlabrada borrero izandakoak Real Madril hartuko du etxean, eta Kanaria Handiak eta Unicajak elkarren aurka jokatuko dute Las Palmasen. Galduz gero, eta gauzak normal, zazpigarren edo zortzigarren postuan geratuko litzateke Katsikarisen taldea. Bistan, bi partida baino ez. Menorca etxean, Balear uhartekoek jaitsiera jokoan dutela, eta Estudiantesen aurka azkena, Madrilgoak zortzi onenen artean sartzeko aukeran.

Harridura puntu bat ere eragiten du Bilbo Basketi gertatutakoak. Denboraldi osoan zortzi onenen artean egon da. Batzuetan eroso, beste batzuetan larri samar, baina beti onenen multzoan. Eta orain, babak eltzetik atera behar direnean, komeriak. Baskoniaren aurka egurra, eta Fuenlabradak kolpe mingarria Miribillan. Bilbokoak kanporaketetatik at geratuko balira, kolpea sekulakoa izanen litzateke.

«Ez dugu egoera horretan pentsatu ere egiten. Aurretik ditugun hiru partidak irabazteko gai garela sinetsita gaude, eta lehenengoa lortzera goaz Sevillara. Gure asmoa ez da zortzigarren postuan eta azken unean sailkatzea, lasai eta bosgarren postua lortzeko erronkarekin baizik». Katsikaris baikor da, baina etxeko lanak lehenbailehen egitea komeni. Ez damutzeko.

CAJASOL-BILBO BASKET

Txapelketa. ACB ligako 32. jardunaldia.

Cajasol. Calloway, Satoransky, Joan Sastre, Bullock, Alex Urtasun, Katelynas, Kirksay, Cabanas, Ivanov, Paul Davis eta Triguero.

Bilbo Basket. Aaron Jackson, Josh Fischer, Blums, Paco Vazquez, Warren, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta Hernandez-Sonseca.

Sailkapena. Cajasol 11. postuan dago: 15-16; Bilbo Basket 7. postuan: 18-13.

Lekua. San Pablo kiroldegia (7.500 ikusle).

Ordua. 20:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.