Miarritze. Watremez (Marconnet, 56. min.), Hegi, Kodela; Carizza, Taele (Thion, 66. min.); Lauret, Hariñordoki (Faure, 25. min.), Guyot; Lesgourgues (Haylett-Petty, 40. min.), Peyrelongue; Bolakoro, Traille, Bosch, Ngwenya; Balshaw.
Treviso. Rizzo (Di Santo, 60. min.), Ceccato (Fernandez, 60. min.), Cittadini (Vidal, 60. min.); Pavanello (kap.) (Padro, 62. min.), Van Zyl; Minto, Zanni, Barbieri (Filipucci, 60. min.); Botes, Burton; Pratichetti, Benvenutti, Sgarbi, Nitoglia; Mc Lean.
Markagailua. 0-3; 0-6; 0-9; 0-12; 3-12 (atsed.) 10-12; 15-12; 22-12; eta 29-12.
Epailea. Peter Fitzgibbon. Txartel gorria Trevisoko Mintori (25. min.).
Miarritzek ekaitza artetik bizirik ateratzen asmatu zuen, atzo, Heineken Kopako laugarren jardunaldian. Miarriztarrek erasoko puntua lortuta irabazi zuten Trevisoren aurka eta Saracensek Ospreysen etxean irabazi zuen. Ondorioz miarriztarrak multzoko bigarren postura igo dira.
Oso eguraldi txarrarekin jokatu zen partida. Haize zakarra egin zuen Lapurdiko kostaldean, eta euriak ere ez zuen etenik izan. Baldintza horietan oso zaila zen errugbian aritzea. Haizea alde izateak garrantzia handia izan zuen.
Lehen zatian italiarrek izan zuten haizea alde. Miarriztarrak zangoz jokatu ezinik egon ziren. Baloi guztiak eremu txikian jokatu beharrean zeuden, eta kanpokoen defentsa haien zain gelditu zen. Eremu horretan defentsak irabazi zuen lehia, eta plakaketetan aitzinatu zen.
Minutuak aitzina joan ahala, Miarritzek faltak egin zituen, eta Trevisoren ostikatzaile Burtonek bere aukerak hagen artera bota zituen: 0-12. Panorama beltz zegoen Montik txartel gorria ikusi zuenean. Italiarrak buruarekin garbitu zuen Lesgourgues, eta epaileak ez zuen barkatu. Peyrelonguek lehen hiru puntuak sartuta bukatu zen lehen zatia: 12-3.
Bigarren zatiko zirimola
Bigarren zatian, Miarritzek ordura arte aurka zuena alde izan zuen. Haizea alde zen, eta Trevisok baloi guztiak eskuz jokatu behar izan zituen. Miarritzeko defentsa zain zuen, baina. Alde horretan Trevisori egokitu zitzaion sufritzea. Baloia eskuetan zuela ez zen aitzinatu, eta ondorioz Miarritzeri itzuli behar izan zion.
Lapurtarrek kontra-erasora jo zuten orduan, eta zangoz zelaia ederki okupatu zuten. Hurrenez hurren bi entsegu sartu zituzten egoera berdintsuetatik. Baloia berreskuratu eta erasora jo zuten. Hainbat faseren ondoren, entsegua Balshawek sartu zuen lehenik. Hurrengo jokaldian Haylett-Petty izan zen entsegua sartu zuena: 15-12. Italiarrek hondoa joko zutela zirudien. Jokalari bat gutxiagorekin, haizea aurka eta bi entsegu jasota. Gauzak ez ziren horrela izan ordea,eta Miarritzek izerditu behar izan zuen.
Etxekoek ez zuten jakin partida bizitzen, eta Trevisokoek aulkia mugitzearekin batera burua altxatu zuten. 50. minututik 70. minutura arte ez zen aipatzeko moduko deus izan. Ostikadak, petoak, kontrol eza...Baina minutuak aitzina joan ahala italiarrak hamalau jokalarirekin aritubeharra nabaritzen hasi ziren. Haizea alde izan arren, aitzinean jokatu zuten miarriztarrek. Italiarrek partida hasierako energiarik ez zuten, eta gibelka joan ziren. Hirugarren entsegua Lauretek sartu zuen: 22-12.
Sei minutu falta ziren erasoko puntuaren bila joateko. Oso garrantzitsua izan daiteke. Miarritze saiatu zen, baina Treviso hor zen defentsan. Eskas baten ondotik, dortoka bat sortu zuten etxekoek. 20 metroz aitzinatu ondotik, entsegu marran gelditu zen. Partidako azken jokaldia zen, eta miarriztarrek kolpea jo eta jo aritu ziren. Azkenean, Hegik lortu zuen , marra zapaltzea eta erasoko puntu gehigarria sartzea.
Miarritze 29. Treviso 12
Ekaitzaren erdian bizirik
Miarritzek eraso puntu gehigarria lortuta irabazi dio Trevisori eta bizirik jarraitzen du Heineken Kopan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu