Ekilibrista jantzita

Xalak eta Zabaletak ezusteko handia eman dute emozioz beteriko partida irabazizOlaizola II.ak eta Beginok behera egin dute erdi aldetik aurrera, eta jarraian galduriko laugarren partidak etorkizuna ilundu die

Aimar Olaizola epailearen aurrean kexuka, atzo Tolosan jokaturiko partidan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Olaizola II.a-Begino 21

Xala-Zabaleta 22

Iraupena. 1.24.53.

Pilotakadak. 728.

Saketik. Olaizolak 2; Xalak 2 eta falta bat.

Markagailua. 0-1, 3-1, 3-2, 6-2, 6-4, 8-4, 8-5, 10-5, 10-7, 13-7, 13-11, 15-11, 15-12, 16-13, 17-13, 17-14, 18-14, 18-18, 18-19, 19-19, 19-20, 20-20, 21-20, 21-21 eta 21-22.

Bestelakoak. 1.000 ikusletik gora Labriten; bete egin zen. Inauteri giro bikaina, tartean Zabaletaren lagunak kantari. Apustuak 100-40ri irten ziren gorrien alde, eta 1000-50eko apustu bat gurutzatu zen.

Eta telebistak ez zuen eman nahi... Telebistak, sasi-jakintsu rolean, arbuiatu egin zuen partida. Barriolarik gabe ezetz, ez zuela eman nahi, jardunaldia aldatzeko eskatzera arte. Bada, Beotibarreko inauteri girora gerturatu ez ziren pilotazaleek ikuskizuna galdu zuten. Ez zen partida ona izan, huts asko egon baitziren, hogeita bat guztira, baina emozioa soberan, eta inor ez zen aspertu. Hori baita, azken finean, kirol profesionalaren gakoa, entretenimendua, eta Tolosan Xala izan zen ekilibrismo izar mozorrotu zena. Olaizola II.a lekutik atera zuen, Zabaletari lagundu zion, eta partida erabaki zuen. Eta, bide batez, faborito garbi ziren aurkariak kinka larrian jarri zituen.

Olaizola II.ak eta Beginok lau partida galdu dituzte jarraian, eta haiek ere alanbrera igo ziren. Funanbulismora behartuak daude.Bigarren dira, eta tanto aldea ona da, baina larunbatean Titin eta segur asko Beroizen aurkako emaitza txar batek finalerdietatik at utzi ditzake. Etamerezita, atzo kontserbadore jokatu baitzuten, ia beti atzera joz, eta azken txanpan garesti ordaindu zuten. Hasi, ordea, ez ziren gaizki hasi. Ez ongi, baina aurkariak baino zuzenago. Huts festan Zabaleta nabarmendu zen. Gazteak bederatzi egin zituen guztira, eta eraman beharreko bi sake utzi. Baina Beginok ere sei egin zituen. Hutsen desorekak ireki zuen lehen tartea (13-7).

Xala agertu zen orduan, ardura bere gain hartuz. Ez zituen tantoak atzean bilatu, Olaizolarengan baizik. Bolea luzeak joz Goizuetakoa frontisetik urrundu zuen, eta aurrean jokatuz murriztu zuen aldea (13-11). Asegarcekoek, baina, ez zuten gidoia aldatu, eta luze jokatzen jarraitu zuten. Zertarako? Partida gogortzen ari zen, baina ondo zihoakien (18-14).

Baina Zabaleta eraldatu egin zen. Egia da aurkarien pilotarekin komeriak izan zituela, eta arinarekin bakarrik egin ziola aurre Beginori, baina jokoz aldatzen jakin zuen. Pilotaria da, eta lasaiago jokatuz huts jarioa eten zuen, eta pilotakada onak joz gainera. Horiek, halaber, urrun jarritakoak baino, ondo bazterturikoak izan ziren. Dena den, partidaren norabidea aldatu zuena Xala izan zen. Zentzuz jokatuz eta arriskatuz, aurretik jarri zen (20-21). Tartean Zabaletak bi tanto egin zituen. Hasieran gorrien alde dirua harrika bota zutenek euren burua babestu ezinik gelditu ziren. Azken aurreko tantoa Xalak eskuin boleaz zabalean eginiko hutsa izan zen. Trapezioaren arriskuak dira.

Azken tantoa drama bat izan zen, 71 pilotakadako tragedia. Lau pilotariak egon ziren huts egiteko zorian, eta zaleen «uiiii...» oihu ozenak izan ziren soinu banda. Azkenean Olaizolak egin zuen kale, gora bidali baitzuen Xalak bosgarren koadroan ondo bazterturiko pilotakada pozoitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.