Behin eta berriro saiatzeak badu saria. Galde diezaiotela, bestela, Lennard Kamnari eta Bora Hansgrohe taldeari. Peter Sagan eta Emanuel Buchmannen ezinaren aurrean, taldeko ehiztariak egunez egun aritu dira etapa ehizan. Kamna, adibidez, jo eta su aritu da. Bigarren izan zen 13. etapan, eta gaur, azkenean, garaipen preziatua eskuratu du. Ihesaldiko indartsuena izan da, eta argiena ere bai, behar zenean jo duelako eraso erabakigarria: Moucherotte (11,1 kilometro eta %6,5) gainean, helmugatik hogei kilometrora. Richard Carapaz (Ineos) atzean utzi, eta dotore egin ditu helmugara bitartekoak. Onenen artean, fereka batzuk baino ez dira izan bukaeran, eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma) arazorik gabe eutsi dio lidergoari.
Bizi-bizi hasi da etapa. Saiakera ugari izan dira ihesaldia osatzeko, eta azkenean hamabost ziklistako taldea osatu da lasterketa buruan. Kamna eta Carapazez gain, bertan sartu dira Julian Alaphilippe (Deceuninck), Andrey Amador (Ineos), Warren Barguil (Arkea), Nicolas Roche (Sunweb) edota Imanol Erbiti (Movistar). Saganek (Bora) ere bazuen aurrera egiteko burutapena, maillot berdearen lehiari begira, baina Sam Bennettek (Deceuninck) ez dio irteten utzi.
Beste zortzi ziklistak, ordea, lortu dute aurreko taldearekin bat egitea. Pierre Rolland (Vital Concept) izan da horietako bat, eta beranduago, Mikel Nieve (Mitchelton), Romain Sicard (Total Direct) eta Pavel Sivakov (Ineos) iritsi dira, besteak beste.
Tropelean ez da surik piztu. Erritmo lasaia jarri du Jumbo Vismak, eta horri esker, bidea egin du ihesaldiak. Mendateak igarotzen joan ahala, hamar minututik gorako errenta hartu du. Erantzukizun osoa Borak hartu du, Kamnaren aukerak jorratzeko. Daniel Oss jarri da gurditik tiraka, eta haren gurpilean izan dira gainontzeko iheskideak. Rolland mugitu egin da bigarren mailako Porte (7,4 kilometro eta %6,8ko pendiza) eta Revelen (6 kilometro eta %8), mendiko puntuak hartu, eta bide batez, taldea xehatzen hasteko. Alabaina, bat eginda jarraitu du ihesaldiak.
Horiek horrela, Moucherotteko igoerari begira jarri dira txirrindulariak. Lehen mailako mendatea zen, eta helmugatik 33 kilometrora hasi behar ziren igotzen. Quentin Pacher (Vital Concept) iritsi da buruan, minutu erdiko aldearekin, mendatearen aurreko sasi-ordekan mugitu eta gero. Horrek zalantzak sortu ditu atzean. Oso talde jendetsua zen, eta zaila zen elkar ulertzea. Azkenean, Ineosek hartu du ekimena. Erritmo gogorra jarri du Amadorrek, eta horrek sufriarazi egin ditu hainbat ziklista. Nievek, kasurako, ezin izan du galbahea gainditu. Sicard eta Erbiti ere atzean gelditu dira.
Taldekidearen lanari jarraipena eman dio Carapazek, eta harekin batera Kamnak, Alaphilippek eta Sebastian Reichenbachek (Groupama) egin dute aurrera. Gainetik 4,5 kilometrora harrapatu dute Pacher. Tropelean, igoerari ekin aurretik gelditu da atzean Bernal, datozen egunetarako indar eta askatasun gehiagorekin aritu ahal izateko. Guillaume Martinek (Cofidis), aldiz, erasoa jo du aldapan gora hasi orduko, Nicolas Edet taldekidearekin batera, baina saiakera hutsala izan da. Jumbok ezarri du kontrola, eta beste inor ez da atera multzoaren abarotik.
Pogacarren oldarraldia
Carapazek ahaleginak eta bi egin ditu Alaphilippe atzean uzteko. Eta lortu du, baina beste arerio gaizto bat itsasi zaio gurpilera: Kamna. Alemaniarrak tinko eutsi die Ineosekoaren astinduei, eta gainetik 300 metrora errematatu du. Abila da erlojuaren kontra, eta dohainak tartea zabaldu eta mantentzeko baliatu ditu. Hartara, garaipen distiratsua lortu du Villard de Lanseko helmugan. 1.27ra iritsi da Carapaz, eta 1.56ra Reichenbach.
Tropelak, berriz, ia hamazazpi minutuko atzerapena izan du. Oro har, lehiaz mozorrotutako atseden eguna izan da oilarrentzat; baina mokoka hasi dira bukaerako aldapan (2,2 kilometro eta %7,9), Pogacarren ekimenez. Esloveniarra Roglic atzean uzten saiatu da, eta azken metroetan, Miguel Angel Lopezek (Astana) hartu dio lekukoa. Haatik, hautagai nagusi guztiak batera helmugaratu dira. Nairo Quintana (Arkea) atzean gelditu da, baina podiumerako aukerarik ez zuen jada.
Bihar, etapa erabakigarria jokatuko da Grenoble eta Loze artean. Bi mendate besterik ez dira igoko 170 kilometroko ibilbidean, baina ez dira edozein mendate: Madeleine (17,1 kilometro eta %8,4) eta Loze (21,5 kilometro eta %7,8). Roglic menderatzeko azken-aurreko aukera izango da, larunbateko erlojupekoaren aurretik.