Ekinez egina

Sendoa Agirre Athleticeko harrobiko jokalari ohiak 35 urte betetzear egin du debuta Lehen Mailan, Herculesekin«Ilusio ikaragarriarekin» ari dela dio, eta etzi Athleticen aurka jokatzeko «irrikan»

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Astelehenean Herculesek bisitatuko du San Mames. Talde igo berria izan arren, izen handiko futbolariak fitxatu ditu mailari eutsi ahal izateko. David Trezeguet eta Nelson Haedo Valdez aurrelariak zeresana ematen ari dira. Baita Real Madrilek utzitako Royston Drenthe ere. Hasieran zelaian nabarmendu zen erdilari herbeheretarra, eta kirolaz kanpoko arrazoiengatik.

Sendoa Agirrek ez dauka bere taldekideen profila (Erandio, Bizkaia, 1975). Ez du zeresan handirik ematen. Talde jokalaria da. Arazorik sortzen ez duen horietakoa. Teknikariek gustuko dutena, alegia. Etzi hamahirugarren partida joka dezake Lehen Mailan. Ez da asko. Baina bizi guztia futbolean aritu ostean onenekin lehiatzeko azken aukera izan duen futbolariarentzat esperientzia ahaztezina izaten ari da. «Ilusio ikaragarriarekin ari naiz lehiatzen. Gozatzen ari naiz. Asko kostatu zait nagoen tokiraino ailegatzea», adierazi zion Sendoak BERRIAri.

Ezker hegaleko beteranoak ikusi beharreko guztia ikusi du futbolean: profesionalak ez diren taldeak, futboletik bizitzeko aukera ematen duten talde apalak, zelai txarrak, onak, harmaila hutsak, era guztietako agintariak… baina gustura ibili da. Oztopoz betetako ibilbidea amaitzeko, futbolaren alderik ederrena ari da ezagutzen. Maila gorena. «Futbolaren maila guztiak ezagutu ditut. Urtetik urtera hobetuz eta urratsak eginez joan naiz, eta horrela lortu dut onenen artean jokatzea. 35 urte betetzear nengoenean eman didate aukera».

Sendoak ez daki zer egingo duen denboraldia amaitzen denean. Erandioko jokalariari sasoi amaieran amaitzen zaio kontratua. Gorputzak eskatzen dionaren eta dituen eskaintzen arabera erabakiko du. Oraingoz, nahiko lan dauka eguneroko lanarekin. Ez dauka epe ertainera eta luzera begiratzeko asmorik. Datorrela datorrena. Atzera begiratuta, berriz, ez da ezertaz damu. Hartutako erabakiek eta jarrerek bere kirol ibilbidean izan zezaketen eraginari ez die garrantzi handia ematen. Egindakoa eginda dago,eta kito. Duela hamar urte, esaterako,Lehen Mailatik pauso batera egon zen. Orduan etxeko taldean ari zen. Athletic B-n jokatzen zuen, baina sarri entrenatzen zen nagusiekin, Luis Fernandezen aginduetara. Lezaman egin zituen urte bien inguruan galdetuta, autokritiko agertu da. «Ez nuen aukera aprobetxatu. Urte bi egon nintzen bigarren taldean, eta sarri entrenatzen nuen nagusiekin, baina ezin izan nuen debutatu. Ez diot inori ezer aurpegiratzen. Gainera, ez diot aparteko garrantzirik eman gura».

Hercules, Athleticen antzera

Arlo pertsonalean kexatzeko arrazoi gutxi dauka Herculeseko kapitainak. Eta talde moduan ematen ari diren mailarekin ere gustura dago. Alacanteko (Herrialde Katalanak) taldeak maila ona eman du denboraldiaren lehen erdian. Ondo egokitu da maila berrira. Horretarako, maila gorenean esperientzia duten futbolarien alde egin du klubak. Jokalarien adinari aparteko garrantzirik ematen ez dion taldea baita Hercules. «Elitera bueltatzea oso positiboa izan da bai klubarentzat eta bai hiriarentzat. Maila gorenean aritu barik egon den talde historikoa da Hercules. Hiritarrak ere irrikaz zeuden taldea onenen aurka lehiatzen ikusteko. Futbolak indarra hartu du berriz».

Rico Perez estadioko harmailek oso itxura ona daukate denboraldi honetan. Taldea ondo ari da baliatzen zaleen babesa. Alde guztiak pozik, beraz. «Jarraitzaileak gustura daudela uste dut. Igo berriak gara, eta pozik daude ematen ari garen mailarekin. Gainera, etxean oso emaitza onak eskuratzen ari gara, eta horrek asko laguntzen du».

Gutxi batzuk izan ezik, gainera, guztiek egin dute bat helburuak zehaztean. Hercules Lehen Mailan jarraitzearekin konformatzen da. Eta gero gerokoak. «Jokalariok ez daukagu zalantzarik: mailari eustea da helburua. Ez zaigu ametsetan galtzea komeni. Zale gehienek ere gure antzera pentsatzen dute, baina klubak jokalari ezagunak fitxatu dituenez, jarraitzaile batzuk gehiago egiteko maila daukagula uste dute. Ez dira asko, ordea».

Lehen Mailan jarraitzeko nahikoa da etxeko neurketetan maila ona ematea. Baina, egun ia ezinezkoa da huts ez egitea. Sendo agertuta ere, nekeza da oso jokoan dauden puntu guztiak eskuratzea. Beraz, zaleen babesetik urrun ere derrigorrean irabazi behar dira puntuak. Baina, Athletici gertatzen zaion legez, Herculesi ere asko ari zaio kostatzen kanpoan puntuak eskuratzea. Ibilbide oker hori zuzentzeko gogoz daude Sendoa eta enparauak. «Minduta dagoen talde bat izango du aurrean Athleticek. Etxetik kanpo ez gabiltza fin. Itxura aldatzeko gogoz gaude. Denboraldi honetan aurpegi bi ari gara erakusten. Ona etxean eta eskasa kanpoan». Baina argi dauka astelehenean ez dutela lan erraza. Aurrean izango duten aurkaria ere ondo ezagutzen baitute. Erdilari bizkaitarrak indartsu ikusten du Athletic. «Oso talde ona da. Ondo landutako taldea da. Bi edo hiru jokalari oso onak dira, eta gazteak ere gogotsu datoz. Indarrean oinarritzen du bere jokoa. Errespetu handia eragiten duen taldea da. «Inolako zalantzarik gabe, onenen artean egoteko taldea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.