Eskubaloia

Ekisoainek Portlandeko entrenatzaile izateari utziko dio

Klubeko kirol zuzendaria baino ez da izango hurrengo denboralditik aurrera. Hamasei urtean izan da lehen entrenatzaile eta "nekatu" egin da.

2007ko maiatzaren 31
18:36
Entzun
Francisco Javier Zupo Eskisoain ez da hurrengo denboraldian Portland San Antonio taldearen entrenatzailea izango, uztea erabaki duelako. Hamasei denboralditan kargu horretan egon da (1989-1993 eta 1995-2007 urteen artean), baina "nekatu" egin da, eta hurrengo sasoitik aurrera kirol zuzendaria baino ez da izango -azken urteetan ere izan da kirol zuzendari-. Larunbatean zuzenduko du azkeneko aldiz Portland, Espainiako Asobal Ligako azkeneko partidan, Iruñean Bidasoaren kontra.

Palmares handia dauka: Europako Kopa bat, bi Asobal Liga, Espainiako bi Kopa, Europako bi Errekopa, Europako Superkopa bat eta Espainiako hiru Superkopa.

Gaur eman du berria Ekisoainek, prentsaurrekoan. Pixka bat lehenago taldekideei esan die. Jose Ignacio San Miguel presidentea ere ustekabean harrapatu du erabakiak -honi astelehenean esan zion-, eta ekainaren 20an bazkideen esku utziko du kargua. "Neu ere banaiz Ekisoainek hartu duen erabakiaren parte", adierazi du San Miguelek.

Entrenatzaileak uste du bere erabakia hartzea "zaila" izan dela, baina ona da klubarentzat".

2006ko urtarrilean 2009ra arteko kontratua sinatu zuen. "Epe ertain edo luzera" aulkietara itzuliko dela aurreratu du. "Ez dakit Portlandera, Frantziara edo Alemaniara".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.