Osasunak erronka zaila dauka gaur arratsaldean Madrigal futbol zelaian. Denboraldi honetako datuak aintzat hartuz gero, faborito argia da Vila-real, bere zelaian jokatu dituen Ligako bederatzi partidetatik zortzi irabazi egin dituelako. Valentziak soilik lortu du El Madrigaletik esku-hutsik ez alde egitea, 1-1 berdindu ondoren. Espanyolek, Deportivok, Racingek, Atletico Madrilek, Athleticek, Sevillak, Mallorcak eta Almeriak amore eman behar izan zuten Vila-realen zelaian, eta Athleticek eta Mallorcak soilik lortu zuten, gainera, golen bat sartzea.
Hargatik, Osasunak azken denboraldietan Vila-realen zelaian lortu dituen emaitza onek itxaropenari eustera bultzatu dituzte zaleak. Azken lau denboraldietan gorritxoek ez dute galdu El Madrigalen. 2006-2007 denboraldian 1-4 nagusitu ziren; 2007-2008an 0-0 amaitu zen lehia; 2008-2009an, 1-1; eta iragan sasoian 0-2 irabazi zuten nafarrek. Azken hori da, hain zuzen ere, Osasunak etxetik at irabazi duen azken norgehiagoka. 2010eko urtarrilaren 31n jokatu zen partida hura, eta ia urtebete geroago El Madrigal irabazteko zelai aproposa dela berretsi nahi dute Jose Antonio Camachoren jokalariek.
Tarte honetan etxetik at jokatu dituzten Ligako hamazazpi jardunaldietan hamabost porrot eta bi berdinketa bildu dituzte gorritxoek. Bada garaia bolada txar hori amaitzeko, eta horretan ahaleginduko dira nafarrak, erronkaren zailtasunaren jakitun izan arren.
El Madrigalen lortu zuten azken garaipen horretan Juanfran izan zen protagonista nagusia, aste honetan Atletico Madrilek fitxatu duen jokalariak sartu baitzituen nafarren bi golak. Juanfran ez dago jada taldean —Alvaro Cejudo eta Ferran Corominas datorren astean aurkeztu ditzake Iruñeko klubak—, eta bi irandarrak Asiako Kopa jokatzen ari dira. Horrez gain, Pandiani, Ruper eta Monreal min hartuta daudenez, eta Patxi Puñal kapitainak txartel pilaketaren ondorioz partida bateko zigorra bete beharko duenez, deialdia osatzeko bigarren taldeko bi jokalari deitu behar izan ditu Camachok: Annunziata erdilaria eta Timor euskarria.
Osasunak dena kontra duela dirudi, baina Camachok ez du ezkortasunik nahi: «Negar egiterik ez dugu. Arazoak arazo, irabaztera zelairatzea da gakoa. Horretarako ari gara lanean, eta egunen batean iritsiko dira garaipenak». Espainiarrak argi dauka partida zaila dela gaurkoa. «Baina eurentzat ere ez da erraza izango. Talde apalen artean munduko talderik onena da Vila-real. Bartzelona eta Real Madril talde ahalguztidunei aurre egiteko moduko taldea da. Baina ezin dugu amore eman, irabazten saiatu beharra daukagu», gaineratu zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Vila-realentzat ere ez dela partida erraza izango sinetsita dago Camacho. Eta sasoi honetako estatistikak ikusita harrokeria dela dirudien arren, Vila-realeko jokalariek arrazoia eman diote Camachori aste honetan egin dituzten adierazpenetan. Herenegun, esaterako, Gonzalo erdiko atzelari argentinarrak Osasunaren arriskuaz ohartarazi zituen bere taldekideak: «Osasunak maila ona eman ohi du beti Madrigalen, eta erne ibili beharra daukagu. Atzealdean zuzendu beharreko gauzak baditugu, baina etxean orain arte bezain sendo jarraitzea da asmoa. Osasuna menderatzen ahalegindu behar dugu orain. Hori bai, ez da partida erraza izango».
Bere taldekide Catalak ere antzeko hitzak erabili zituen. Aurkari errazik ez dagoela eta Osasunaren aurkako partidetako bolada txarra amaitu nahi dutela gogoratu zuen Vila-realeko jokalariak. Gorritxoen etxetik kanpoko estatistika negargarriak aintzat hartu gabe,Vila-realeko jokalariek errespetu handia diote Camachoren taldeari. Hori islatu dute, behintzat, aste honetan egindako adierazpenetan.
Oier eta Soriano, hamaikakoan
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Camachok bi aldaketa egingo ditu: Oier eta Soriano sartuko dira hamaikakoan, Puñalen eta Juanfranen ordez. Juanfranen hutsunea betetzeko, Camachok Damia jarriko du eskuin hegaleko erdilari lanetan. Mugimendu horrek toki aldaketa bat baino gehiago eragingo ditu: Nelson ezker hegaletik eskuinera igaroko da, eta Oier ezker hegaleko atzelari lanetan ariko da.
Horrez gain, partida bateko zigorra bete ostean, Soriano hamaikakora itzuliko da, eta haren itzulerak Vadocz atzeraxeago bidaliko du. Hungariarrak Puñalen tokia hartuko du.
El Madrigaleko bolada onari eustera
Azken lau denboraldietan Osasunak ez du Vila-realen zelaian galdu, eta han irabazi zuen azkenekoz etxetik at, duela ia urtebeteEtxeko bederatzi partidetatik bat berdindu, eta beste zortzi irabazi ditu Vila-realek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu