ATLETISMOA

Elaine Thompsonentzat urrea, emakumezkoen 100 metroko lasterketan

Rio 2016en bezala, nagusi izan da. Fraser-Pryce sailkatu da bigarren, eta Jackson hirugarren. Hirurak jamaikarrak dira.

Thompson, garaile sartzen. EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 31
15:00
Entzun

Rio 2016an egin bezala, Elaine Thompsonek irabazi du urrea emakumezkoen 100 metroko lasterketan. Shelly-Ann Fraser-Pryce izan da bigarren, eta Shericka Jackson hirugarren. Hiru atletak dira jamaikarrak. Lasterketa oso azkarra izan da, eta Thompsonek inoizko bigarren marka onena egin du, 10,61, Olinpiar Jokoetako marka ezarriz. Aurrekoa Florence Griffith-Joynerrena (AEB) zen, Seul 1988koa: 10,62koa.

Finalerdietan Fraser-Prycek egin du denbora onena (10,73), eta ematen zuen baietz, irabazita historia egingo zuela: Olinpiar Joko batzuetan banakako proba berean hirutan gailentzen den aurreneko emakumea izatea. Eta lasterketaren hasiera aintzat hartuta, urrea berea izango zela zirudien, oso ondo atera baita bosgarren kaletik. Baina Thompsonek eutsi egin dio laugarren kaletik, eta aurrea hartu dio 50 metroetan. Helmugako marrarako bidea hegan egin du garaileak. Fraser-Prycek 10,74ko denbora egin du, eta Jacksonek 10,76koa.

Thompsonek 29 urte dauzka, eta Fraser-Prycek (34 urte) bezala, jada urrezko bi domina irabazi ditu 100 metroetan. Gaurko garaileak 200 metrokoan ere irabazi zuen urrea Rio 2016an.

Gizonezkoen 100 metroen finala bihar jokatuko da, Euskal Herrian 14:50 direnean. Trayvon Bromell (AEB) da irabazteko faborito nagusia, nahiz eta gaur, kanporaketetan, kostata sailkatu den finalerdietarako.

Diskoan, Stahl suediarra

Gaur jokatu da gizonezkoen disko jaurtiketako finala ere. Daniel Stahl suediarrak irabazi du urrezko domina. Bigarren saiakeran egin du jaurtiketa onena, eta 68.90 metrotara bota du diskoa. Munduko sailkapeneko lehen postuan dago Stahl, eta gaurkoan ez du hutsik egin. Bigarren postuan, berriz, haren herrikide den Simon Petterssonek amaitu du, 67.39 metrotako jaurtiketa eginda. Lukas Weisshaidinger austriarrak osatu du podiuma, brontzezko domina kolkoratuz 67.07ko jaurtiketarekin.

4x400 mistoen lasterketa jokatu da aurrenekoz Olinpiar Jokoetan, eta Polonia nagusitu da: 3.09,87. Bigarren Dominar Errepublika izan da (3.10,21); eta hirugarren AEB (3.10,22).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.