Elastikoa ez da nahikoa

Urrutikoetxeak 12-22 irabazi dio Zubietari, eta Barriolak sufritu egin du Saralegiren aurka (22-13)

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Elastiko gorria jaztea ez da nahikoa partidak irabazteko. Herenegun Aitor Zubieta eta Abel Barriola kantxaratu ziren faboritoaren edo esperientziaren elastiko gorri hori jantzita, baina bat Lau t'erdiko Txapelketatik kanpo dago jada, eta bestea larri ibili zen. Zubietak amore eman behar izan zuen Eibarko Astelenan. Bederatzi tanto jaso zituen saketik, eta, lehen pilotakada horretatik nagusi izanda, Bigarren Mailako Lau t'erdiko txapeldunak arazo handirik gabe irabazi zion etxarriarrari (12-22).

0-5, 2-9, 3-10... Partida hautsita zegoela zirudien, baina Zubieta 12-14 gerturatu zen markagailuan. Alferrik, ordea. Saketik falta egin zuen atzelariak, eta hortxe uxatu zitzaion partida irabazteko itxaropen apurra. Partida amaieran 0-8ko partziala egin zuen Urrutikoetxeak.

Eta herenegungo bigarren partidak ere antzeko traza hartu zuen. Elastiko gorria jantzita Barriola kantxaratu zen, baina Saralegik oldarkor jokatu zuen 11-13ra arte. Barriolak ez zuen eroso jokatu, baina, 11-0eko azken partzialari esker, erraz samar irabazi zuen azkenerako.

Diazek eta Urrutikoetxeak ostiralean jokatuko dute final-zortzirenetako partida, Balmasedan; Barriolak eta Bengoetxea VI.ak larunbatean, Iruñean; Ruizek eta Aritz Lasak igandean, Urretxun; eta Berasaluze VIII.ak eta Arretxe II.ak astelehenean, Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.