Elia Viviani italiarra jarri da lider Pekingo Tourrean

Esprintean amaitu da lehen etapa, olinpiar estadioan; zazpigarren postu ona lortu du Enrique Sanz nafarrak

unai zubeldia
Donostia
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Azken ostikoak ditu World Tourrak. Amaitzera doa errepideko txirrindularitzako denboraldia, eta geratzen diren puntu apurrak biltzeko asmoz joan dira talde guztiak Txina aldera. Larunbatera bitartean, bost etapa jokatuko dira Txinako harresiaren inguruan. Ez dago zailtasun handirik ibilbidean. Eta atzoko etapa da horren erakusgarri. Tiannamen plazan hasi eta olinpiar estadioan amaitu, 117 kilometro egin zituzten txirrindulariek, eta esprintean amaitu zen etapa, Juanma Garateren (Rabobank) lan onari esker, besteak beste. Esprint luzea eta gogorra izan zen, eta Elia Viviani italiarra (Liquigas) nagusitu zen. Iaz ere irabazi zuen etapa bat Pekingo Tourrean.

Gainsariak daude Pekingo Tourrean, eta lau segundoko altxorra dauka orain Vivianik. Andrew Fenn (Omega) dago bigarren, lau segundora, eta Matthieu Ladagnous (Francaise des Jeux) hirugarren, tarteko helmugetako gainsariei esker. Enrique Sanz nafarra (Movistar) izan zen euskal herritarrik onena; esprintean sartu zen, eta zazpigarren postuan helmugaratu zen. Zortzigarren dago sailkapen nagusian. Iban Belasko (Euskaltel-Euskadi) ere lehen multzo horretan sartu zen, eta baita Samuel Sanchez ere (Euskaltel-Euskadi). Bederatzi segundo galdu zituzten gainerako euskal txirrindulari gehienek.

Azken zatian, txirrindulariek hamabi itzuli eman zizkioten 7,8 kilometroko zirkuituari, eta bizi joan zen etapa. Adriano Malori (Lampre), Berta-Jan Lindeman (Vacansoleil), Craig Lewis (Champion System), Marco Bandiera (Omega Pharma) eta Ladagnous joan ziren ihesean, eta helmugara iristeko 14 kilometro falta zirenean harrapatu zituen tropelak. Skyk, Rabobankek eta Garminek egin zuten lana gogorren ihesaldia bertan behera uzteko. Vivianik eman zuen, ordea, gero errematea; denboraldiko zazpigarren garaipena du.

Olinpiar estadioaren eta Mentougouren artean, 126 kilometrokoa izango da bigarren etapa. Lehen mailako mendate bat igo beharko dute tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.