Ez zuten elkar ezagutzen, baina nahikoa izan dute bi hitz egin eta pilotari eta baloiari ukitu batzuk ematea, hizketaldi goxo bat edukitzeko. Marta Unzue Bartzelonako futbolariak eta Maite Ruiz de Larramendi pilotariak elitearen bi aurpegiak irudikatzen dituzte. Biak dira erreferente beren kiroletan, eta berdintasunaren bidean egin diren urratsen parte izan dira. Futbolean aurrera baina pilotan atzera egin da, ordea, haiek diotenez. Bide luzea dute egiteko oraindik.
Hasierak
Txikitatik ibiltzen al zineten pilotarekin eta baloiarekin?
MAITE RUIZ DE LARRAMENDI::Ia ibiltzen jakin gabe, pilotaren atzetik joaten nintzen hara eta hona. Gurasoek, behintzat, hori kontatu izan didate. Aitak eta aitonak pilotan jokatzen zuten, eta osabetako bat Frontiseko pilotaria izan zen. Beti izan dugu oso lotura estua pilotarekin.
MARTA UNZUE: Ni ere txikitan hasi nintzen. Ahizpa biki bat daukat: Elba. Hura ere futbolaria da. Txikitan etxeko lorategian jokatzen genuen. Bi zuhaitz zeuden, eta ate bezala erabiltzen genituen. Makina bat lore apurtu genizkion amari. Etxean beti izan gara oso futbolzaleak. Aitak Osasunan jokatu zuen, eta nire osaba Juan Carlos Unzue da, jokalari ohia eta entrenatzailea. Gainera, Movistarreko zuzendaria, Eusebio Unzue, nire osaba da.
Zein da zuen kirolaz duzuen lehen oroitzapena?
M.U.: Nik gogoan dut txikia nintzela ospitalean egon nintzela. Senda-agiria eman zidaten, eta egun berean lagunek esan zidaten atezaina falta zutela areto futboleko taldean. Aitak ez zidan jokatzen utzi nahi; amak, aldiz, bai. Baina baldintza bat jarri zidan: atepetik gutxi ateratzea, eta kolperik ez jasotzea. Norgehiagoka hartan inoiz baino kolpe gehiago jaso nituen, eta etxean errieta egin zidaten. Baina, behintzat, jokatu egin nuen. Hori zen nik nahi nuena.
M.R.: Nik ere edozer gauza egiten nuen jokatzeagatik. Baina, batez ere, herrian jokatzen genituen txapelketak ditut gogoan. 8 urte inguru nituen bertan parte hartzen hasi nintzenean. Kopa txiki bat irabazi nuen, eta ederki ospatu nuen. Gainera, ez dut sekula ahaztu aita nola ibiltzen zen ni hara eta hona eramaten, pilotan joka nezan.
Ruiz de Larramendi iaz, Masters Kopan. / Jagoba Manterola, FOKU
Gurasoek, hortaz, ondo hartu zuten zuk kirola egitea, Maite. Gero, ordea, uztera behartu zituzten. Nola duzu gogoan une hura? Zuk bizi izan zenuen halakorik, Marta?
M.R.: Nik beti izan dut haien babesa. Ez didate traba bakar bat ere jarri, alderantziz. Baina, 14 urterekin, gurasoei esan zieten hobe zela beste kirol edo jarduera bat egitea, gainontzean eskuak hondatuko zitzaizkidala. Aita izutu egin zen, eta uzteko esan zidan; amak, aldiz, alderantziz. Hark zera esaten zuen: «Jarraitu nahi badu, jarrai dezala. Nahi duenean utziko du, edo eskuak min ematen dionean». Azkenean, utzi egin nuen, eta esku soinua jotzen hasi nintzen. Tarteka baino ez nuen jokatzen, lagunekin edo anaiekin. Baina lehia faltan sumatzen nuen. Gaizki pasatu nuen. Triste nengoen. 14 urte nituen. Eskolan ere antzeman zuten, notetan beherakada txiki bat izan nuelako. Azkenean, 18 urterekin itzuli nintzen, eta gurasoek oso pozik hartu zuten.
M.U.: Nire kasuan ere gurasoen babes osoa izan nuen. Kanpotik entzuten nuen aurkako komentarioren bat, baina, etxekoen babesa izanda, bost axola zitzaidan.
Profesionalak ez izan arren, profesionalen pare exijitu dizuetela sentitu duzue?
M.R.: Zalantzarik gabe. Dena eman behar duzu. Nire kasuan, inork ez du kontuan hartu zenbait partida hamar ordu lan egin eta gero jokatu ditudala, eta bitarte horretan zutik eta berunezko txaleko batekin egon naizela. Izan ere, erradiologia teknikaria naiz. Txandatan lan egiten nuenean egokitu izan zitzaidan gauez lan egin, eta gero autoa hartu eta Baionara joan behar izatea jokatzera. Edo opor egunak hartu edo txandak bikoiztu behar izatea Espainiako selekzioarekin jokatzera joateko. Gainera, trinketean jokatzen nuenean, nirekin jokatzen zuen bikotekidearekin, Susana Munetarekin, Arnedora joan behar izaten genuen entrenatzera. Bera 20:00etan ateratzen zen lanetik. Autoa hartu, eta hara joaten ginen. Gure poltsikotik ordaindu behar izaten genuen bidaia eta trinketearen alokairua. 23:00etan berriz autoa hartu, eta gauerdia zen etxera itzultzerako.
M.U.: Meritu handia duzue. Nik hori egin behar izan banu, agian aurretik utzi nuen. Nekagarria izan behar du. Gure kasuan, joan gara ikusten gure baldintzak hobetzen joan direla, eta horrek indarra eman digu. Dena den, oraindik asko dago egiteko. Izan ere, oraindik ere hiru klub baino ez dira profesionalak Lehen Mailan: Atletico Madril, Valentzia eta gu. Hala, adibidez, badira Espainiako selekzioarekin jokatzeari uko egin behar izan diotenak, ezin zutelako lanarekin uztartu, eta opor egunak hartu behar izaten zituztelako jokatzeko. Denborarekin nekatu egiten zara horretaz. Duela bi urte sortu genuen emakume futbolarien sindikatua, eta, besteak beste, halakoak aldatzeko lanean ari gara.
Profesionalizazioa
Aipatu dituzuen egoera horietako asko konponduko lirateke profesionalizazioarekin. Marta, zuk zuzenean bizi izan duzu Bartzelonaren profesionalizazioa. Zein izan da horretarako gakoa? Maite, zer falta da pilotan halako zerbait egiteko?
M.R.: Interesa eta benetako apustua egingo duen norbait sartzea da konponbidea. Arazoa da interesik ez dagoela, eta ez dagoela inor benetako apustu bat egingo duena. Master Cupekoak hasi dira horretan, baina ez da nahikoa. Behar duguna da norbaitek gure alde egitea, eta oinarritik abiatuta pixkanaka gauzak egiten joatea. Maiz galdetu izan didate Aspe edo Asegarce sartzea izan daitekeen konponbidea, baina ez dakit zer erantzun. Arazoa da, aurrera egin beharrean, atzera goazela. Lehen, bazeuden profesionalak ziren emakume erraketistak. Batzuek 90 urte dituzte, eta harritu egiten dira dugun mailarekin nola gauden gauden egoeran. Lehen, kontratuak zituzten, eta dirua irabazten zuten. Horrekin pisuak erosi zituzten. Horretaz bizi izan ziren. Dirua egin zuten, nahiz eta horretarako Ameriketara joan behar izaten zuten. Neure buruari behin eta berriz galdetzen diot: «Zer gertatu da orain?, zergatik ez gara horretarako gai?». Orain, bitarteko eta azpiegitura gehiago ditugu, baina interesa eta benetako apustu bat falta da.
M.U.: Jordi Mestre Bartzelonako presidenteordeak gure alde egin zuen. Gure aurrekontua handitzen joan zen, azpiegiturak, bidaiatzeko era eta mediku arreta hobetzen... eta gora egiten hasi ginen. Bigarren Mailan egotetik tituluak irabaztera eta Txapeldunen Liga jokatzera pasatu ginen. Espainiako Futbol Liga Profesionalak eta Espainiako Federazioak ere apustu bat egin dute: gure partidak ematen hasi dira telebistan, kinieletan agertzen hasi gara... Buruan daudenek apustu hori egiten ez badute, oso zaila da zerbait lortzea.
"Alde handia dago txapelketak irabazteagatik gizonek eta emakumeek jasotzen ditugun sarietan. Amorruz bizi dut batzuetan, etsipenez besteetan, baina horrek zapuztuko ez duena da jokatzeko dudan ilusioa"
Maite Ruiz de Larramendi
Txapelketak irabazteagatik ematen diren sarietan alde handia dago gizon eta emakumeen artean. Nola bizi duzue hori?
M.R.: Batzuetan, haserre, eta, beste batzuetan, etsipenez. Nik 25 urte daramatzat Espainiako selekzioan. Munduko Txapelketa irabazita jaso dudan bekarik handiena 2.000 eurokoa da. Miguel Indurain Fundaziotik jaso nuen. Baina beka hori ez zen niretzat, baizik eta federaziora bideratzen zen, eta hark banatzen zuen. Baina gogoan dut urte batean nik entrenatzen nituen mutil gazteek nire pare edo gehiago kobratzen zutela, eta ni munduko txapeldun nintzen. Bestalde, emakumeok erakustaldi partida bat jokatzeagatik ehun euro inguru jasotzen ditugu gehienez. Erretiroa hartua dagoen gizonezko pilotari bat mila kobratzera ailega daiteke. Ni ez nago mutilei ez ematearen kontra, baina gurea aldatu behar da. Dena den, horrek ez du nik jokatzeko dudan grina kenduko.
M.U.: Nik ere sentipen bera dut. Dirurik ez irabazita ere, jokatu egingo nuke. Baina argi dago aldatu egin behar dela. Guk Espainiako Kopa irabazteagatik klubak ez du dirurik jaso. Gizonen taldeak irabazteagatik, aldiz, milioi bat euro. Guk ez dugu nahi diru hori guretzat, guretzat garrantzitsuena irabaztea zen. Baina nahiko genukeena da dirua jasotzea, eta horrek gure baldintzak hobetzeko balio izatea.
Unzue PSGko elastikoa jantzita (ezkerrean), iaz, Txapeldunen Ligan. / Alberto Estevez, EFE
Uste duzue emakumeen kirolak gizonezkoenaren ajeak har ditzakeela?
M.U.: Ez. Zail ikusten dut hori gertatzea. Gu gatozen lekutik gatozelako. Gainera, hori pertsonaren arabera dago. Oinak lurrean dituenak oinak lurrean izango ditu. Kirol guztiak negozioa dira, baina horri neurria hartzen jakin behar da.
M.R.: Bat nator horrekin. Uste dute errealitatetik eta gizartetik gertuago gaudela. Harrigarriena da gizarteak gehiago segitzen duela gizonezkoen kirola gurea baino. Tokatzen zaiguna da hori aldatzen joatea. Guk ezin dugu askoz gehiago egin horretarako. Guri dagokiguna egina dago: ondo jokatu, gogor entrenatu, gaztetxoei gure kirolarekiko zaletasuna helarazi... Hedabideen aldetik ere funtsezkoa da ikusgarritasun gehiago izatea. Orain, Emakume Master Cupeko finalak ematen dituzte telebistan. Baina nik beti esaten diet hori ez dela nahikoa, jarraipen bat behar duela. Izan ere, urtean zehar guk txapelketa eta partida asko jokatzen ditugu, eta ez dituzte ezta emaitzak ematen ere.
Erretiroa eta amatasuna
Goi mailako kirolean ari diren gizon askok ez bezala, zuek ezinbestean pentsatu behar duzue kirola utzi osteko uneaz? Zenbaterainoko zama da hori?
M.U.: Egia esan, niretzat ez da zama bat. Naturaltasunez bizi dut. Unean-unekoa bizitzea eta disfrutatzea gustatzen zait. Gainera, uzteko ordurako aukera gehiago izateak lasaitasuna ematen dit. Izan ere, irits daiteke eguna futbolaz nazkatuko naizena. Futbolak nahastu egin zaitzake, eta ez da dena. Horretan pentsatzea funtsezkoa da, eta uste dut gizonezkoek ere egin beharko luketela, askori gertatzen baitzaie gero ez dakitela beren bizimodua nora bideratu, ez dutelako ikasketarik. Guk hori abantaila bat bezala ikusi behar dugu.
M.R.: Pilotarion kasuan, ez dugu ezta horretan pentsatzeko aukerarik ere. Nik garbi ikusi nuen hasieratik ezingo nintzela pilotaz bizi. Albaitari edo sukaldari izan nahi nuen, baina kanpora joan behar nuen ikasteko, eta beldur pixka bat eman zidan. Beraz, nire lagunek osasunari lotutako ikasketak egin behar zituztela ikusita, erradiologia teknikari izateko ikasi nuen. Oso pozik nago.
Denboraldi honetan Joana Flavianok futbola utzi behar izan zuen lanarekin ezin zuelako uztartu. Mutilen kasuan hori pentsaezina da.
M.U.: Horrek agerian uzten du errealitate bat, eta futbolean urratsak egin diren arren oraindik bide luzea dugula aurretik. Nik ulertzen dut Flavianok egindakoa. Izan ere, hark lan eskaintza publiko bat atera zuen. Beraz, bizi osorako lana ziurtatu zuen. Futbola, berriz, amaitu egiten da momentu batean. Nik berdin egingo nuke. Ez dut baztertzen etorkizunean eskaintza publiko batera aurkeztea. Momentua egokia bada, gai ikusten banaiz ateratzeko, eta futbolaz nekatzen banaiz, zergatik ez?
M.U.: Logikoa da. Guk derrigor jo behar dugu bide horretara.
Marta Unzuek eta Maite Ruiz de Larramendik elkarrizketarako eramandako kirol materiala. / Gorka Rubio, FOKU
Emakume batek baino gehiagok utzi dute goi mailako kirola ama izateko. Zuek egingo zenukete?
M.U.: Oraindik urruti ikusten dut hori, eta ez dut asko pentsatu horretan. Baina horretan ere pixkanaka gauzak aldatu behar ditugu. Beste futbol liga batzuetan askoz aurreratuago daude. Jokalari dezente daude ama izan direnak. Hemen, aldiz, ez. Jokalarion sindikatuari esker, futbolari guztiek asegurua eta kontratua izatea lortu dugu. Horri esker, beste edozein lanbidetan bezalako baldintzak lortu ditugu amatasunari dagokionez.
M.R.: Gure kasuan, amak daude. Baina, noski, amatasun baimena izatea pentsaezina da. Haurdun geratzen bazara, begiratu behar duzu zein txapelketa galduko duzun. Askotan, horren arabera erabakitzen da. Ikusi izan ditut pilotariak bost hilabeteko haurdun jokatzen. Gero, osaketa eta beste dena zure esku dago. Hor ikusten da kontratua izatearen eta ez izatearen aldea.
Bazterkeria
Eskolan noizbait egin zizueten iseka futbolean eta pilotan jokatzeagatik?
M.R.: Ez. Alderantziz. Mutilen batek nirekin arazoren bat edukiz gero, pilota partida bat jokatzea proposatzen zidan konpontzeko. Denek elkarrekin jokatzen genuen. Txapelketetan ni nintzen neska bakarra. Eskualdean oso ezaguna nintzen, eta mutilek ez zuten arazorik nirekin jokatzeko. Bertakoa ez zen batekin jokatu behar banuen, hasiera batean harritu egiten zen. Baina pilota nola jotzen nuen ikusten zuenean, zalantza guztiak uxatzen zitzaizkion. Ruben Belokiri irabazi nion.
M.U.: Ez nuen arazorik eduki. Normalean, taldeak osatzen genituenean, lehendabizikoetakoa aukeratzen ninduten. Agian, komentario txarrak gehiago entzuten nituen helduagoa nintzenean. Baina bakanak izaten ziren, eta ez nien aparteko garrantzirik ematen. Duela 10 bat urte izango zen hori. Izan ere, gaur egun gero eta gutxiago entzuten dira, zorionez. Horretan urrats nabarmena egin da
"Egungo gazteek errazago dituzte gauzak. Ni saiatzen naiz gogoratzen zenbat kostatu zaigun hona iristea. Haien kezka ezin da izan zenbat jarraitzaile dituzten Instagramen edo nork ematen dien kirol arropa"
Marta Unzue
Harrobia
Nola ikusten duzue harrobia?
M.U.: Nafarroakoa ezagutzen dut, eta kezkatuta nago. Garai batean baino fitxa gutxiago dago. Osasunak bere garaian izan zuen aukera Lehen Mailan aritzeko, eta uko egin zion. Ni oso kritiko naiz horrekin. Lagunak-en proiektua ere ez zen nahi bezala atera. Erreferente bat falta da. Horrek zer pentsatua eman beharko lieke arduradunei. Izan ere, nafar dezente daude goi mailan. Oso talde ona osatuko genuke. Bestalde, azken urteetan gero eta atzerritar gehiago daude. Egungo gazteentzat zailagoa da Bartzelona edo Atletico Madril bezalako taldeetara iristea. Gainera, liga ez denez profesionala, ez dago atzerritar mugarik. Hori da sindikatuan dugun beste erronketako bat.
M.R.: Gure kasuan, falta dena ez da erreferente bat, baizik eta segida eta irizpide argi bat. Batetik, 17-18 urtera iritsita, gehienek utzi egiten dute. Ez dute ikusten honetaz bizitzeko aukera, eta ahalegin handia eskatzen die. Kanpora ikastera badoaz, gainera, ez dute entrenatzen eta jokatzen jarraitzeko aukera. Bestetik, orain dena da esku-huska, erreminta baztertu egin da. Lehen, aldiz, alderantziz zen. Pena da, badaudelako palan edo trinketean oso ondo moldatzen diren neskak, baina bidea itxia dute. Horren guztiaren ondorio da gutxi garela goian gaudenak, eta horietatik batzuek jada adin bat dugula. Nik 44 urte ditut.
Egungo gazteek ez al dituzte gauzak zuek baino errazago?
M.U.: Azpiegitura, material eta giza baliabide aldetik askoz errazago dute. Nik, adibidez, duela bi urte lortu nuen kirol marka batek botak eta arropa ematea. Ordura arte nik erosi behar izan nituen nire poltsikotik. 150 euro inguru ordaindu behar nuen botak erosteko. Orain, ordea, gazte mailetatik jokalari askori materiala ematen diete, eta horri ez diote balioa ematen. Ni ahalegintzen naiz gogorarazten zenbat kostatu zaigun iritsi garen lekura iristea, eta oraindik asko dagoela egiteko. Haien kezka ezin da izan zenbat jarraitzaile dituzten Instagramen, edo nork emango dien arropa.
M.R.: Pilotak eta elastikoak ematen zizkigutenean, izugarri pozten ginen. Orain, arruntzat hartzen dute.