Izaera berdina izango bagenu, aurrez aurreko gehiago egingo genuke ziur. Nik beti egiten dut aurrera, jakin-min gehiago dauzkat, eta berak geldiarazten nau», dio Eder Etxeberriak (Orio, Gipuzkoa, 1980). Horregatik, ezin hobeto ulertzen dute elkar berak eta Joxean Olaskoaga Aizperrok (Orio, 1974). Orain hamabost urte egin zuten topo lehen aldiz, Kontxako Banderako bigarren igandean. Arraunak elkartu zituen ezinbestean. Hartatik, beren ametsak egia bihurtzeko zereginean aritu dira. Bat entrenatzaile gisa. Kirol mediku gisa bestea. Duela bi urte Portugaleten egin zuten topo. Beste behin ere, arraunak elkartu zituen. Bizkaiko taldeak abian jarritako proiektuak izan duen arrakastaren errudunak dira.
Kirol medikuntzako espezialitatea amaitu berritan jaso zuen Portugaleteko presidentearen deia Etxeberriak. Ez zuen bi aldiz pentsatu erantzun bat ematerakoan. Presidenteak berak, taldearentzat entrenatzailea bilatzeko aholkua eskatu zion. Eta orduan ere ez zuen bi bider pentsatu beharrik izan. «Kantauri itsasoko entrenatzaile onenaren izena eman nion. Artean ez zekiten nire senarra zenik». Eskaintza hori onartu baino lehen, Olaskoagak bost urte zeramatzan Orioko trainerua entrenatzen. Arraunlari batek irabaz zezakeen dena irabazia zuen ordurako. Hark ere ez zuen buruhauste handiegirik izan erantzun bat emateko orduan. «Eskaintza polita zela uste dut, eta elkar animatu ginen». Ordu arte ez zuten sekula batera lanik egin.
2010eko udan elkarrengandik gertu aritu ziren arraunean. «Hilabetegogorrak» izan omen ziren haiek. Etxeberriarentzat esperientzia berria izan zen, gainera, traineruan arraun egitearena, betidanik aulki mugikorreko arrauna egin izan baitu. «Ilusio handia egiten zidan nesken lehen traineruan parte hartzea. Joxeanek asko lagundu zidan». Beren entrenatzailea bazuten arren, Olaskoaga noizean behin joaten zen beren entrenamenduak ikustera. «Nire iritzia ematen nion, baina ez nintzen gehiegi sartzen. Zer esango diot ba! Nik baino denbora gehiago darama mundu honetan».
Orain artean igeltsero lanarekin uztartu du arrauna Aizperrok. Portugaletek, baina, arraunaz bakarrik bizitzeko aukera eman zion. «Umeekin denbora gehiago pasatzeko aukera daukat orain. Lehen ez nituen ia ikusi ere egiten, eta orain disfrutatzen ari naiz. Bizi handia eman dit aldaketak», aitortu du. Aldaketa horri esker, Etxeberriak ere, bere ametsak egia bihurtzeko aukera izan du. «Nire ilusioa beti izan da kirol mediku izatea. Oraintxe hasi naiz ezagunago bihurtzen, eta beraketxean denbora gehiago pasatzeak, aukera eman dit lan pila bat egiteko, kongresuetara joateko...»
Lan orduak amaituta, etxeko txikiek lapurtzen die denbora eta hizketa gaia. Elkarrekin dituzten proiektu berriek ere bai. «Jakin behar da gauzak banatzen». Dena ez baita lana eta arrauna.
Elkar ulertzean dago sekretua
Portugaleteko entrenatzailea eta medikua dira Joxean Olaskoaga eta Eder Etxeberria. Izaera ezberdinak dituzten arren, erraz ulertzen dute elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu