Euskal Herriko Futbolariek ofizialtasunaren inguruan plazaratutako agiriarekin bat datorrela adierazi du ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak. «Jokalariek egin duten hausnarketa bera edo antzekoa egiten dugu guk ere, eta, horregatik, bat egiten dugu idatzian esan duten guztiarekin», aipatu du Itziar Arratibel iritzi taldeko kideak, Bilbon eginiko agerpenean. Era berean, bihar selekzioak Tunisiaren aurka jokatuko duen partidaren harira antolatutako egitaraua aurkeztu du. Indarrak bilduz ofizialtasuna izango da aldarrikapen egunak eta manifestazioak aurten izango duen leloa, eta ideia horrekin bat egiten duen oro dago gonbidatua bihar Bilbon egin dituzten ekitaldietara.
Joan den astean Euskal Herriko Futbolariek selekzioaren ofizialtasunaren auziaren inguruko hausnarketa publiko egin zuten. ESAITek, berriz, bat egin du iritziarekin, eta kirolariek beste behin argi hitz egin zutela nabarmendu: «Futbol jokalariek berriro hitz egin dute, eta aurrera egiteko prest daudela adierazi». Horrez gain, eta iritzi taldeak eginiko azterketaren arabera, kirolarien agiria ofizialtasunaren aldarriak bizi duen egoeraren isla da. «Futbol jokalariek agirian esaten dutena egun Euskal Herriko selekzioak ofizialtasunari lotuta bizi duen errealitate gordinaren adibidea besterik ez da».
Futbolariek nabarmendu zutenez, egungo egoera politikoa aproposa da ofizialtasunaren bidean urratsak egiteko. «Zaila izanagatik, agian, inoiz baino errazagoa da orain. Euskal Herrian bakea lantzen ari da, eta bake horrek ate asko zabaldu ditzake nazioarteko zenbait organotan», zioen gutunak. ESAIT iritzi berekoa da. Izan ere, Euskal Herrian abian den «aldaketa garaiak» ofizialtasunaren bidean lan egiteko aukerak indartu egiten dituela uste baitu Arratibelek. «Baliatu gaitezen Euskal Herrian zabaltzen ari den egungo egoera politikoak ireki ditzakeen aukera horietaz ikararik gabe aurrera egiteko»
Iritzi taldearen ustez, eurek zein futbolariek mezu argia bidali diete berriz ere Euskadiko Futbol Federazioari eta erakunde publikoei: «Borondatez jardun dezatela, Euskal Herriko selekzioak ofiziala lortzeko behar dituen urratsetan». Eta bide hori urratzea kirol federazio eta erakundeei dagokiela gogorarazi du Esaiteko kideak. «Selekzioaren ofizialtasuna zelaitik kanpo irabazi behar den afera izanik, euskal federazio eta instituzioei dagokie lehen lerroan aritzea. Baina haiek, tamalez, orain arte azaldutako borondatearekin, ez dira lerrokatzera ere ausartzen».
Ofizialtasunaren bidean, kirolari, erakunde, federazio eta eragile guztien lana eta urrats bateratuak beharrezkoak direla nabarmendu du beste behin iritzi taldeak. «Orain beste batzuen teilatuan dago baloia. Ea denon artean kapaz garen baloi hori teilatutik errekuperatzeko, eta ofizialtasunaren aldeko lehiaketa horretan, elkarlanean arituz, bakoitzak bere onena eman dezan».
Ekitaldi ugari
Euskal selekzioak Tunisiaren aurka bihar jokatuko duen partida 20:45ean hasiko bada ere, ESAITek egun guztirako egitarau oparoa prestatu du. Adin guztietarako ekintzak egongo dira Bilboko Areatzan. Hala ere, bi dira bereziki nabarmendu beharrekoak. 13:00etan ofizialtasunaren inguruko adierazpen bat irakurriko dute. ESAITez gain, Euskal Herria nazioartean ordezkatu duten kirolariak eta gizarte, politika eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute agerraldian. Bestea, eta selekzioak jokatzen duen partida bakoitzaren aurretik egin bezala, 19:00etan Areatzatik abiatu eta Indautxun bukatuko den manifestazioa da.
Ekitaldi horiek ez dira izango bakarrak. Goizean umeek Pirritx eta Porrotx pailazoen Irrien Lagunak ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango baitute (11:30). Eguerdian hasi eta arratsalde erdi ingurura arte kontzertuak egongo dira. Aurrena, Itziarren Semeak joko du (14:00), eta ondoren Tximeleta taldearen doinuak nagusituko dira. Manifestazioaren ondoren partida ikusi ahal izango da iritzi taldeak Areatzan jarriko duen karpan.
Elkarlanean aritzeko garaia
Euskal Herriko Futbolarien agiriarekin bat egin du ESAITek, eta erakundeen parte hartzea eskatu du ofizialtasunaren bideanIritzi taldeak egitarau oparoa antolatu du biharko, eta ohiko denez, manifestaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu