Pixkana-pixkana ari da bidea egiten emakumezkoen euskal selekzioa ere. Zortzi urte eta erdi eskas joan dira estreinako neurketa jokatu zuenetik, eta gaur seigarren partida jokatuko du. Kataluniak hartuko die lekukoa Argentinari, Txileko 20 urtez azpiko selekzioari, Eslovakiari eta Irlandari, lau horiek izan baitira selekzioaren aurkariak orain arte. Hiru izenekin jokatutako neurketak izan dira: aurreneko hirurak, Argentinaren aurkako biak eta Txileko 20 urtez azpiko selekzioaren aurkakoa, Euskadi gisa jokatu zituen; laugarrena, Eslovakiaren aurkakoa, Euskal Herria izenarekin —Euskal Herria Kirola egitasmoak antolatu zuen, eta ez Euskadiko Futbol Federazioak—; azkena, berriz, Irlandaren aurkakoa, euskal selekzioa izenaz jokatu zuen. Gaur ere izen horrekin ariko da.
Bost partida horietan lortutako emaitzei erreparatuta, nabaria da selekzioak gora egin duela. Lehen bi norgehiagoketan, ezinean aritu zen Argentinaren kontra: 2-4 galdu zuen Irunen 2006an, eta 4-2 Buenos Airesen 2007an. Zelaian nabaria izan zen bi selekzioen arteko aldea. Urtebete geroago, ordea, alderik ez zen izan Txileko 20 urtez azpiko selekzioaren aurka jokatutako lehian, Galdakaon (Bizkaia). Egun horretan lortu zuten lehen garaipena etxekoek: 2-1.
Orain sei urte pasatuta hasitako bolada onak bere horretan jarraitzen du. Izan ere, orduz geroztik jokatu dituen bi partidetan ere nagusi izan dira etxekoak. 2012ko ekainean, 1-0 irabazi zioten Eslovakiari Donostiako Anoeta estadioan —lau urte luzez ez zuen partidarik jokatu selekzioak—. Joan zen maiatzean, berriz, 2-0 nagusitu zitzaion Irlandari, Azpeitian (Gipuzkoa).
Selekzioak, beraz, helburu zehatza du gaurko: laugarren norgehiagoka jarraian irabaztea. Hori lortzeko, selekzio indartsua osatu dute Jose Alvarez eta Sergio Rivera hautatzaileek. Athletic da euskal talderik indartsuena, eta bertako jokalariak dira gehiengo selekzioan: bederatzi, deialdiaren erdia, hain zuzen ere. Realekoak, berriz, sei dira. Bartzelonatik, Marta Unzue atzelari berriozartarra ariko da, azken hiru denboraldietako liga txapelduneko kapitaina. Valentziatik, berriz, Naiara Beristain erdilari getxoztarra ariko da, Athleticeko eta Realeko jokalari izandakoa.
Bartzelonaren oinarria
Euskal selekzioak laugarren partida jarraian irabaz dezan eragozten saiatuko da Kataluniakoa. Sobran du horretarako ahalmena, Natalia Arroyo hautatzaile kataluniarrak jokalari zerrenda bikaina osatu baitu. Nola ez, Bartzelonako jokalariak dira taldearen oinarria, eta hori berme bikaina da, Kataluniakoa baita Espainiako egungo ligako talderik indartsuena —bost jokalari daude deialdian—.
Baina Kataluniako selekzioak ez du Bartzelonaren iturririk bakarrik edaten. Hala, ligako beste bost taldeetako jokalariak ere badaude deialdian: Valentziakoak, Espanyolekoak, Sant Gabrielekoak, Levantekoak eta Atletico Madrilekoak. Itxuraz, parekotasun handiko norgehiagoka izango da. Ezusterako tarte gutxi egongo da, bi taldeetako jokalariek oso ondo ezagutzen baitute elkar.