Zaharrak berri buruz burukoan. Lehen finalerdiak ezusteko bi gonbidatu izango baditu, bigarrenean elkar ondo ezagutzen duten bi pilotari elkartuko dira. Aimar Olaizolak eta Sebastian Gonzalezek hirugarren urtez jarraian neurtuko dituzte indarrak manomanistaren finalerdietan. Iazko txapelketan egin bezala Iruñeko Labriten jokatuko dute, hilaren 26an. Ordukoan Gonzalezek altxaturiko erreboteak Olaizolaren sailkapenak baino zeresan gehiago eman zuen. Txartelen prezioa jarrita dago honezkero, kantxek 75 euro balioko dute.
Aimar Olaizola herenegun sailkatu zen finalerdietarako, Patxi Ruizi 22-19 irabazita. Partida bitxia izan zen, eta Olaizolak ez zuen maila bikainik eman. Lehen partida zuen, eta halakoetan pilotariei euren maila ematea kostatzen zaie. Kontrarioaren hasiera sendoak ere ez zion lagundu. Partida, baina, goitik behera amildu zen 12-14koan. Ordura arte Ruiz gehiago zen piloteoan. Lizarrako atzelaria agintzen ari zen, eta Olaizola asko estutzen. Tanto horretan, baina, epaileek atxikia adierazi zioten, eta Ruiz jota gelditu zen, bere amorruan urtuta.
Lizarrakoa bere izaera bigunark mendean hartu zuen berriz. Iaz, Belokiren aurka gaizki hasi eta 22-1 galdu zuen. Herenegun, berriz, ezin izan zuen burua altxa, epailearen erabaki okerraren ostean.Zuzena ala ez, txapeldun izateko izaera gogorragoa behar da. Gainbeheran Olaizola puztu zuen. Goizuetarrak gora egin eta 9-1eko partziala lortu zuen. Partidaren ostean, Ruizek hitz gogorrak eduki zituen. Olaizolaren botileroa epailearekin luze eta zabal hitz egiten aritu izana salatuzuen.
Olaizola II.ak buruz burukoaren finalerdiak jokatuko ditu bosgarren urtez jarraian. 2003az geroztik urtero ziurtatu du zerrendaburu postua. Lehen bi aldietan ligaxkan sartu zen, eta hurrengo hiruretan Gonzalez izan du aurkari. Duela bi urte, Tolosan, Olaizolak aise irabazi zuen (22-6). Iaz, aldiz, Labriten, askoz gehiago kostatu zitzaion (22-13). Gonzalezek oso ondo hasi zuen partida, eta bere hutsak izan ziren Olaizola demansartu zutenak.
EUGI ETA BARRIOLA, GAUR ASTELENAN. Patxi Eugik eta Abel Barriolak finalerdietako lehen partida jokatuko dute igandean Eibarren. Biek gaur entrenamendu saioak egingo dituzte Astelenan. Iragan larunbatean Barriola izan zen han, eta hauts ugari zegoela esan zuen. Bere hitzetan, kantxa oso zikin zegoen, pilotaren botea aldatzeraino. Aspeko intendenteak ere gaur Eibarren egongo dira, eta euren ondorioak aterako dituzte. Kantxaren egoeraren arabera, pilota mota bat edo beste jarriko dute.
Eugik, aldiz, ez du kexarik izan. Agoizkoa ere entrenatzen aritu da, eta bere iritziz jokatzeko moduan dago. Duela bi aste, bertan jokatuko zuela sinetsita, Martinez Irujok ere saioa egin zuen, eta ez zuen ezer arrarorik sumatu. Pilotalekuak bi urte daramatza itxita, baina asteak dira Eibarko Udaleko langileak Astelena atontzen hasi zirela. Halere, litekeena da partidaren aurretik erratz fina pasatzea. Sarreren salneurriak oraindik zehaztu gabe daude, baina litekeena da Labriteko finalerdiko antzerako prezioak edukitzea.
Bestalde, atzo Tolosan jokaturiko jaialdian puntako estelarra jokatu zen. Unanuek eta Belokik, Olaizola I.a eta Beginoren aurka irabazi zuten (22-21). Partida bizi eta urduria izan zen. Tanto asko egon arren ez zen ordubetera iritsi. Laukoteko onena Beloki izan zen, buruz burukotik kanpo gelditu osteko lehen partidan. Azkenik, gaur Naturgas Torneoa aurkeztuko dute Bilbon. Bi enpresetako bikoteak elkartuko dituen udaberri, uda parteko aurreneko torneoa.
Elkarren aurka, hirugarren aldiz
Olaizola II.ak eta Gonzalezek buruz burukoaren finalerdia jokatuko dute berriro, hilaren 26an, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu