Pilotako Binakako Txapelketa

Ez zegoen opari hoberik

Binakako txapelketako orain arteko partidarik onenean, Altuna III.ak eta Martijak 22-18 irabazi diete Elordiri eta Rezustari. Aspeko bi bikoteak launa punturekin berdinduta geratu dira sailkapenean.

altuna martija elordi rezusta
Rezusta pilota altxatu nahian, Altunaren begiradapean. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2024ko urtarrilaren 7a
05:10
Entzun

Partida zirraragarria, orain arte binakako txapelketak eman duen onena. Halakoxea izan zen Elordi-Rezustak eta Altuna III.a-Martijak atzo jokatu zuten neurketa, Eibarko Astelena pilotalekuan. Errege egunean ohikoa denez, harmailak jendez lepo izan ziren, eta pilotariek ez zuten hutsik egin. Bi atzelariek aspaldiko sasoirik onena azaldu zuten, eta sailetik apartekoa izan zen aurrelarien jokoa. Piloten azkartasuna lagun, hainbat tanto bukatu baitzituzten aurrean. Gorabeherak izan ziren markagailuan, baina bi bikotetako batek ere ez zuen lortu alde erabakigarririk. Eta, nola ez, azken txanpan Altuna III.aren magia azaldu zen. Tanto ederrak egin arren, isileko lanean ere duin aritu zen, eta askotan bezala, bere aldera eraman zuen lehia. Bukaeran zortzi eta bateko partziala eginda, Altuna III.a eta Martija 22-18 nagusitu ziren azkenean, eta txaloz erantzun zuten zaleek, ezin baitzuten opari hoberik jaso.

Azkarra izan zen partidaren lehen zatia. Azkeneko jardunaldietan ez bezala, pilotek beste distira bat izan zuten, eta horixe bera baliatu zuten aurrelariek erasoko jokorako. Elordik distiratsu ekin zion lehiari, baina uso demonio erantzun zuen Altuna III.ak. Nor baino nor gehiago aritu ziren biak aurrean, nork tanto gehiago egingo. Ez sinesteko gauzak egin zituzten. Amezketarrak zutik jarri zituen zaleak pare bat horma bikorekin. Taktikoki akats batzuk ere egin zituen, baina ez zuen konfiantza galdu. Elordik, bere aldetik, botera oso urrun ibili zuen pilota, eta ezker airez ere dotore aritu zen. Lan erdietara Elordi eta Rezusta iritsi ziren aurretik: 11 eta 9.

Pilotak apur bat gastatzen hasiak ziren ordurako, eta Rezustaren mesederako izan zen hori. Goranzko bidean zihoan haren jokoa, eta askotan erakutsi zion bizkarra Martijari. Bazirudien gorriak gehiago zirela bigarren erdian, eta markagailuak ere horixe bera islatzen zuen: 17 eta 14. Konfiantzaz ari ziren nola Elordi hala Rezusta, erasoan ez ezik, defentsan ere harritzeko pilotak eraman baitzituzten. Ordea, Rezustak akats larri bat egin zuen une horretan, eta, saskitik pilota berria aterata, egoera irauli zuten Altuna III.ak eta Martijak. Zazpi tanto egin zituzten jarraian, eta garaipenak ez zien ihes egin. Hala, bi bikoteak launa punturekin berdinduta daude orain sailkapenean, baina atzoko jokoa erakusten badute, ez dira txapeletik oso urrun ibiliko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.