Irabazi bai, baina aldrebeskeria gehiegi eginda. Duela bi urte ere 21-22 irabazi zion Mikel Goñik Ruben Belokiri Andra Mari Zuriaren torneoan. Herenegungoa ez bezala, hura partida bikaina eta gogoangarria izan zen. Zorigaiztokoa bihurtu da 21eko berdinketa Belokirentzat. Buruz buruko ligaxkan, hirutik bi partida galdu zituen tanto bakarrarengatik.
Partida ia erabakita eduki ondoren, galtzeko zorian egon zen oronoztarra. Lehen zatian bikain aritu ostean, lanerako gogo handirik gabe eta errazegi jokatzeko tentaldian erori zen ondoren Goñi II.a. Azkenean, irabazle, baina aurkariak ere erraztasun handiak eman zizkiolako.
Ikusgarri hasi zen Goñi. Beloki erabat menderatuta, askoz gehiago zen eta aitaren batean 2-14 jarri zen. Garaipena gertu zuela ikusita eta inolako beharrik gabe, arrisku handiak hartzen hasi zen Goñi. Hiruzpalau pilotakada jo, eta tantoa amaitzen saiatzen zen: batetik, nekatuta zegoelako, eta bestetik, lanerako jarrera eskasa zuelako. Arnas estuka, eta ezinean, behin eta berriro sartu zen aldageletara atseden hartzeko. Belokik, sakean asmatu zuen: 11-16rako sei sartu zizkion, eta 16-14 jartzea lortu zuen.
Bukaeran, Goñik denetik egin zuen: ihes egindako tantoak, ederrak, eta hutsak. 21-19 Beloki aurretik jarri arren, Goñi izan zen irabazle.>
Goñi: «Dena izorratu dute EPELekoek»
Haserre agertu zen Goñi partidaren ostean. Enpresen Ligak «dena izorratu besterik» ez duela egin adierazi zuen. Garaipenak «zapore mikatza» zuela, «buruz buruko txapelketa ez jokatzearen arantza» duelako oraindik. «Julian Retegik eta Arruabarrenak ez zuten nahi nik jokatzea». Pozik dago «txapelketa narratsaren ondoren» Patxi Ruizek irabazi zuelako. Partidako pilotengatik kexatu zen. «Tenisekoak ziren pilotak. Ruben buruz burukoan «puteatu zuten eta oparitxo bat eman nahi izan diote gaur irabazteko, baina ez zaie ongi atera».
Emaitza berbera, jokoa ez
Nekearengatik eta aldrebeskeriak egiteagatik, ia erabakitako partida galtzeko zorian izan zen Goñi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu