Emaitzari ez, buruko indarrari begira da garrantzitsua

Baskoniak Unicaja hartuko du, Vilniusko azken partida gaurkoa baino erabakigarriagoa dela jakitun

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Laugarrenez jokatuko dute elkarren aurka Baskoniak eta Unicajak bost hilabetean. Errepikapen horrek eta liga bereko taldeak izateak distira kendu diote gaurko partidari. Norgehiagoka garrantzitsua da, baina ez erabakigarria, eta horrek ere demaren interesa apaldu du. Bai Baskonia, bai Unicaja, biak daude garaipen premia gorrian, baina Unicajak ez dauka kale egiteko tarterik, eta Baskoniak bai. Alegia, Unicajak irabazten ez badu, Top16tik at geratuko dela, bai edo bai. Baskoniak galtzeko pribilejioa dauka, galduta ere eskura edukiko lukeelako final-laurdenetako txartela.

Emaitzari begira baino, buruko indarrari begira da garrantzitsua gaurkoa. Baskoniaren autoestimua ez dago bere onenean, eta garaipenak eta joko ona behar ditu bere jardun gorabeheratsua atzean uzteko. Bistan da, emaitza on batek asko lagunduko luke, baina emaitza bera baino garrantzitsuagoa litzateke jokalariek partida biribila egitea. Egun gutxitan etorriko diren partida zailei begira fedea, konfiantza irabaztea. Galdera erraza da hori. Nola lortu konfiantza hori, Baskonia berarengan ohikoa den neurria ematen hastea?

Batzuentzat arazoa dena, besteentzat egoera jakin baten ondorioa delako. Marcelinho Huertasena da hausnarketa. Taldearen erasoko baliabide ia bakarra urruneko jaurtiketak izatea ez omen da arazo: “Arriskutsuak diren pibot indartsuak ditugu, eta aurkariek haiek saskitik gertu ez jokatzeko ahalegin handia egiten dute. Horrek espazio handiak sortzen ditu jaurtitzaileentzat, eta egoera horri etekina ateratzen saiatzen gara. Kontua ez da hiruko jaurtiketa asko egiten ditugun edo ez, jaurtiketa horiek behartuta egiten ditugun edo ez baizik.Nire ustez posizio onak ditugulako egiten ditugu hainbeste hiruko–.

Mila partidako estatistikak aztertu, eta 998 partidetan biko jaurtiketak hirukoak baino gehiago direla jabetuko gara. Normala ere bada, teorian errazagoa delako saskitik gertuko jaurtiketak gauzatzea, urrunekoak baino. Baskoniak hirukoetan ohikoa dena baino portzentaje hobea lortu zuelako mantendu zen partidan Atenasen, eta Granadari irabazi. Baskoniak hirukoen %48,2 saskiratu zuen Panathinaikosen aurka, 14 hiruko denera. Kopuru bera sartu zuen Granadaren aurka, eta %44 asmatu. Zer gertatuko da portzentaje onak txikitzen direnean?

Baskoniak galdu egingo duela. Eta zein da irtenbidea? Esteban Batistak eta Stanko Baracek saskipean min handiagoa egitea. Horretarako gaitasuna dutelako, eta taldekideek haiei baloi onak ematen saiatu behar dutelako, 20 segundotan baloia kanpoko lerrotik mugitu, eta azken lau segundoetan norbaitek hirukoa jaurti ordez. Oreka da gakoa, baina ez bakarrik biko edo hirukoen kopuruan. Erregulartasuna ere garrantzitsua da, eta lehen bost hilabetetako Baskoniak erakutsi du ez dela 40 minututan intentsitate bera mantentzeko gauza, bategatik edo besteagatik, partidatik joaten dela. Arazo hori berandu baino lehen konpondu behar da, min handia egiten diolako taldeari.

Carlos Jimenez gabe

Unicajak ia ezinezko du Top16a gainditzea. Gasteizen irabazi beharko luke gaur, eta Panathinaikos menderatu, azken jardunaldian, Malagan. Chus Mateok Aito Garcia Reneses ordezkatu zuenetik hobetu, hobetu du Unicajak, baina ez Euroligako final-laurdenetan sartzeko adina. Fitch beroa bezain irregularra dela jabetu dira, Tripkovic eta Terrell McIntyre bezala, eta Archibald eta Freelanden artean, bigarrena balekoa dela, eta bestea ez. Are gehiago Carlos Jimenez lesionatuta baldin badago.

BASKONIA-UNICAJA

Lehiaketa. Euroligako Top16ko E multzoko bosgarren jardunaldia.

Baskonia. Ribas, Garcia, Buesa, Huertas, Logan, Oleson, Bjelica, San Emeterio, Teletovic, Sow, Batista eta Barac.

Unicaja. Rodriguez, Printezis, Tripkovic, Blakney, Sinanovic, Rubio, Almazan, Freeland, Archibald, Fitch, McIntyre eta Blanco.

Sailkapena. Baskonia hirugarren da: 2-2 (+7); Unicaja, laugarren: 1-3 (-29).

Lekua. Buesa Arena(9.763 ikusle)

Ordua. 20:30 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.