Esku pilota

Emakumeen lau t’erdiko txapelketan izen emateko epea zabalik dago

Urrian hasi eta abendu erdialdera arte luzatuko da txapelketa, eta izen ematea librea izango da

jarraia157109.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko irailaren 25a
07:56
Entzun

Bigarren urtez jarraian Emakume Master Cupeko lau t’erdiko txapelketa jokatuko dute udazken honetan. Gaur zabaldu dute martxan izena emateko epea, eta urriaren 7ra bitartean parte hartu nahi duen edonorentzako zabalik egongo da txapelketa. Izan ere, txapelketa irekia izango da, eta ez da beharrezkoa federatua egotea. Iker Amarika Emakume Master Cupeko zuzendari teknikoak azaldu duenez, oraindik ez dakite zenbat pilotarik hartuko duten parte, eta horren arabera joango dira ixten txapelketako jaialdien data eta lekuak. Hala ere, finalerdiak Amezketan jokatuko direla argitu du, eta finalak berriz Azkoitian. Horietarako data ere zehazteko dagoela azaldu du, azken finean ETBk partiduak zuzenean emango baititu, eta programazioaren arabera finkatuko dituzte egunak. Sailkapen faseetako partiduak, bestalde, Bizkaian jokatuko dituzte, baina oraindik ez dute ezer zehaztu.

Parte hartzea oraindik zehaztu gabe badago ere, pasa den urtean 80 pilotarik eman zuten izena txapelketan. Amarikak ez du zehaztu kopuru horretara iristea ote den euren helburua, baina interesa badagoela argitu du. Gaur eguerdirako dagoeneko hamabi pilotarik izena emanda zuten txapelketan, esaterako. Parte hartzaileen jatorriari buruz, gehienak euskal herritarrak izango dira, baina iaz bezala Daniela Vargas mexikarra ere bertan izango da. Horrez gain, Bartzelonatik, Valentziatik edo Zaragozatik ere pilotariak etorriko direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Leire Etxaniz izan zen lehen edizioko txapelduna, eta gainditu beharreko pilotaria izango da gainerakoentzat. Gaur goizean egin den aurkezpenean “ilusioarekin” dagoela esan du, baina agerian utziz zaila izango dela: “Maila altua egongo da, eta saiatuko naiz garaipena errepikatzen; urteak aurrera joan ahala jende gehiago dago entrenatzen; maila handiagoa dago eta gauza polita da hori”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.