Gizonezkoen puntako euskal saskibaloiak loraldia izan du, eta apurka emakumezkoenera zabaltzen ari da. Obenasak, gainera, EHU kanporatuz lortu zuen igotzea. Nafarroako taldearen bulegoan bere garaian CBNren urteak ezagutu zituen jendea dago, eta talde polita osatu dute mailari eusteko. Aulkian Cesar Ruperez dago, mailaz igo den teknikaria, eta taldearen arima dira Maria Asurmendi eta Naiara Diez nafarrak, aurretik Lehen Mailan aritu eta taldearekin igotzeko asmoz Bigarren Mailara jaitsitakoak.
Denboraldi-aurrean Obenasa maila onean lehiatu da ligako taldeen aurka. Hondarribia-Irunen aurka bi aldiz galdu du partida estuetan, eta azkenekoan Zaragoza iazko laugarren sailkatuari irabazi zion. Talde igo berriek normalean esperientzia falta garesti ordaintzen dute, eta horri aurre egiteko liga ezagutzen duten jokalari gazteak fitxatu dituzte. Helena Boada antolatzaile kataluniarrak eta Paula Palomares hegaleko saskiratzaile espainiarrak kanpoko lerroa indartu dute. Uztaipean, berriz, Kaayla Chones pibot indartsua (1,91 m.) izango da itsasargia. WNBAn aritutakoa, maila oso ona eman du Europako hainbat ligatan. Eremuan laguntzeko Milen Vukicevic ere fitxatu dute (1,90 m.), Txingudiko jokalari ohia, baina, min hartuta dago.
Obenasak ligako erdi eta behe mailako taldeekin lehiatzeko moduko jokalari multzoa du. Bizkarrezurra sendoa da, eta liga hasiera gakoetako bat izango da. Lehen hilabetean sei jardunaldi jokatuko ditu, ia ligaren laurdena, eta lehen lauetan aurkari zuzenen kontra: Celta, Kanaria Handia, Eivissa eta Olesa. Garaipen zakua betetzeko aukerak dira.
Entrenatzaile berria
Obenasak liga hasiera samurra badu, Hondarribia-Irunen kasua aurkakoa da. Lehen hiru irteerak aurkari apalen aurka ditu, baina etxeko lehen hiru partidetan iragan sasoian lehen lau postuetan sailkatu ziren hiru talde jasoko ditu. Hasiera zailak iragan sasoiko mamuak berpitz ditzake, erdi aldetik gora bukatzeko diseinaturiko taldeak mailari eusteko gorriak ikusi zituelako.
Lasaitasuna lortu nahian, taldeko zuzendaritzak Jose Luis Mugika erakarri du entrenatzaile posturako. Berak igo zuen Txingudi Lehen Mailara, eta zazpi urte geroago ondo ezagutzen duen etxe batera itzuli da. Jokalariei dagokienez, maila oneko bi estatu batuar iritsi dira: Natahsa Lacy antolatzaile trebea eta Danielle Burgin (1,96 m.) pibot oso indartsua. Marina Ferragut pibot beteranoa, 38 urte, ereHondarribira itzuli da.
Cesar Ruperez.UNB Obenasako entrenatzailea
«Esperientzia bilatu dugu fitxatzerakoan»
I.M. DonostiaHelburua, mailari eustea, ezta?
Eusten badiogu, sufrimendu askorekin izango da; ez da erraza izango. Zortzi edo bederatzi garaipen beharko ditugu, eta kostako zaigu. Erronka handia da. Talde handien aurka oso zail dugu, eta, nire iritziz, erdi mailako taldek azpitik gaude, baina horiei etxean irabaz diezaiokegu. Eta azkenik, mailari eusteko dauden taldeen maila bertsuan gaude, etxetik kanpo ere irabaz diezaiekegunak. Baina, tira, guk ilusioa dugu alde, eta fitxatzeko garaian esperientzia bilatu dugu.
Eskarmentua fitxatu duzue.
Iruñera gosez etorriko zen jendea bilatu genuen, eta, aldi berean, ibilbidearen azken txanpan egon gabe, Lehen Mailan minutu dezente jokaturikoa. Eta lortu dugu, Helena Boadak edo Paula Palomaresek badute ezagutza hori, eta gustura gaude. Gero, etxekoak, Maria Asurmendi eta Naiara Diez, aurretik ere Lehen Mailan jokatu arren maila bat jaistea erabaki zutenak, eta behin igota eskarmentua badutenak.
Liga hasieran zuen ligako taldeak dituzue.
Celta, Kanaria Handia, Eivissa eta Olesa...
Maila eta talde guztietan hasierak asko baldintzatzen du sasoia, eta gure kasuan are gehiago, egutegia, nolabait ona delako.
Zer moduzko giroa dago hirian?
Ona, iragan sasoian 500 ikusle inguru biltzen genituen, eta oraingoan horri eustea espero dugu; hori bai, sarrera merkeak kobratuz. Gainera, orain arte irabaztera ohituta zegoen taldea ginen, eta irabaztea kostako zaigu.
Jose Luis Mugika.Hondarribia-Iruneko entrenatzailea
«Epe oso motzeko helburuak jarri ditugu»
I.M. DonostiaDenboraldi-aurrea bukatuta, taldea nahiko zenukeen bezala dago?
Bai, planifikazioaren epeak bete dira, eta oso pozik nago. Jokalariak sasoi onean daude, eta oinarri teknikoak barneratu dituzte. Orain ondo erabil ditzatela falta da.
Iragan sasoian taldeak gorriak ikusi zituen, hori ahantzaraztea erraza da?
Orain garrantzitsuena da jendea baikorra izatea. Alde horretatik, taldeak arlo psikologikoa ondo landu du. Iragan sasoia iragana da, eta ez du zertan eragin behar.
Zer eska dakioke taldeari sasoi honetan?
Garrantzitsuena da taldea mailan sendotu dadila. Ez dugu denboraldi bukaerarako helbururik jarriko, askoz epe motzagokoak baizik. Helburu bat lehen hilabete eta erdirako, beste bat Gabonetarako, eta hortik aurrera liga bukaerakoa.
Eta zein da aurrenekoa?
Lehen hilabetearen bukaeran sailkapenaren erdialdean egotea. Sei partida dira, horietatik bi oso zailak etxean, Rivas Madrid eta Perfumerias Avenida, eta hirugarrena Zaragoza, iragan sasoiko 4. sailkatua. Eta kanpokoak ez dira errazak izango. Gure liga hasiera oso gogorra da, eta, nire iritziz, helburubaikorra da lehen hilabetearen ondoren sailkapenaren erdialdean egotea.
Pertsonalki, zer moduzkoa izan itzulera aurretik ezagutzen zenuen etxe horretara?
Etxea aldatu egin da zazpi urte hauetan, asko. Handitu egin da, zabaldu. Une honetan teknikari eta lan multzo bikaina dugu: medikuak, teknikariak, fisikoak... oso babestuta nago.