Emakumezko eskuzko pilotariek aurrerapauso bat eman dute, eta lehen klub profesionala sortu dute: Ados Pilota. Hori eginda, mugarri bat jarri dute emakumezkoen pilotan, inoiz ez baita egon halakorik. Baina beharra ikusi dute: txapelketa gehiago jokatu nahi dituzte, lan baldintzak hobetu, eta, guztiaren gainetik, euren buruaren jabe izan nahi dute, inoren menpe egon behar izan gabe. Eta, klubaren izenak dioen bezala, ados jarri dira euren asmoak eta nahiak gauzatzeko. Ahaldundu egin dira.
Prest dute lehen txapelketa ere: Plazaz Plaza izena du, eta binaka jokatuko dute. Ekainaren 4an hasiko da, Leitzan (Nafarroa), eta toki berean bukatuko da, abuztuaren 14an. Euskal Herrian jokatuko da ia osorik, baina Katalunian ere ariko dira pilotariak, Bartzelonan. Hamahiru jardunaldi jokatuko dituzte, hamazazpi partida guztira. Egitasmo guztia aurrera eramateko, Lacturale eta Ibaisek enpresen laguntza dute, baita hainbat kolaboratzaile eta udalena ere.
Xehetasun guztiak aurkeztu dituzte gaur Leitzan. Han izan dira klubeko pilotari nagusiak. Batetik, klubeko hamahiru pilotari profesionalak: Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre, Amaia Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste, Naroa Elizalde, Eneritz Arrieta, Oihana Orbegozo, Naroa Agirre, Ainhoa Ruiz de Infante, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai. Egungo pilotaririk onenak dira, azken urteetan txapelketa nagusietan nabarmendu direnak. Baina klubak pilotari gazteak ere trebatuko ditu. Hain zuzen ere, formazio arloko hiru pilotari ariko dira profesionalekin estreinako txapelketan: Laia Salsamendi, Ane Mendiburu eta Uxue Oses. Haiek ere aurkezpenean izan dira.
«Oraingoa ez zen nahikoa»
Maite Ruiz de Larramendik azaldu duenez, «argi» zuten emakumezko pilotari «buelta bat» eman beharra zegoela. «Urteak daramatzagu Emakume Master Cupek antolatutako txapelketak jokatzen, eta asko eskertzen diogu aukera hori eman izana, ikusgaitasuna lortzeko. Baina argi genuen ez zela nahikoa: txapelketa horiek laburregiak dira. Apenas jokatzen ditugun bizpahiru lehia. Guk urte osoan jokatu nahi dugu, eta, besteak beste, horretarako antolatu gara. Guk eman dugu pausoa, emakumezkoak izanda bagenekielako inor ez zela guregana etorriko. Beste kirol batzuetan emakumezkoak ados jarri badira, zergatik ez pilotan? Zorionez, ados jarri gara. Oso pozik gaude, eta sekulako ilusioa dugu. Ametsa bete dugu. Hasteko irrikan gaude».
Gizonezkoen esku pilota profesionala enpresen esku dago. Baina, Ruiz de Larramendik azpimarratu duenez, haiek «hasieratik» izan dute oso argi klub bat osatu nahi zutela, ez enpresa bat. «Gure ustez, irtenbidea ez zen enpresa bat sortzea. Klub bat osatu nahi genuen. Beste kiroletan horrela funtzionatzen dute, eta guk ere halaxe egin nahi dugu. Ziur gaude eman dugun pausoak onurak bakarrik ez dizkigula ekarriko. Goi mailako kirolean lehiatzeko baliabide hobeak izango ditugu: entrenatzaile eta prestatzaile hobeak, lan baldintza hobeak... Eta horrek lagunduko du gure errendimendua hobea izan dadin. Asmoa ez da pilotaz bizitzea, guk gure lanak baititugu, baina bai baldintza hobeagoetan aritzea».
Nafarroako eta Euskadiko pilota federazioekin hitz egin dute, eta hitz egiten jarraitzeko asmoa dute. «Haien eskutik joan nahi dugu, haiekin itunak eginez», zehaztu du. «Handia litzateke liga profesional bat sortzea. Orain dagoen hutsunea bete beharra dago». Azken urteetan Emakume Master Cupek antolatu ditu txapelketa gehienak, eta haiekin ere hitz egiteko asmoa dute. Adibidez, asmoa dute hark antolaturiko Nafarroako Irekia jokatzeko. Baina argi dute euren buruaren «jabe» izan nahi dutela. «Guk gure egutegia izan nahi dugu, inoren menpe egon gabe. Egutegi ona izanez gero, agian, ez dugu beharrik izango beste txapelketak jokatzeko».