Athleticen emakumezkoen taldeak esku-eskura du Espainiako Superliga. Gaur jokatuko da azken jardunaldia, eta puntu bakar bat aski du talde zuri-gorriak hirugarren txapelketa errenkadan irabazteko. Bigarren sailkatuareari, Levanteri, hiru puntuko aldea kentzen diote zuri-gorriek. Gainera, gol aldea ere Iñigo Juaristiren nesken aldekoa da. Hala, Athleticek galdu eta Levantek irabazten badu ere, oso litekeena izango da txapela Athleticentzat izatea.
Bartzelona izango du aurkari Athleticek 12:00etan (ETB1). Lehen itzulian, San Mamesen, 5-1 nagusitu ziren Athleticeko jokalariak. Orduz geroztik, ordea, asko aldatu da Bartzelonaren jokoa. Sailkapeneko azken postuan ziren kataluniarrak Bilbon jokatu zutenean. Baina urtarrilaz geroztik partida bakar bat galdu dute Natalia Astrainen neskek, eta azken jardunaldira Espainiako Kopara sailkatzeko aukerekin iritsi dira. Horretarako, ordea, nahitaez irabazi behar dute gaurko partida, eta, beraz, gauzak zail jarriko dizkio Athletici. Bestalde, Levantek sailkapeneko hirugarrena izango du aurrean: Sevilla. Iñigo Juaristi entrenatzailea itxaropentsu agertu da gaurko partidari begira. «Bost goleko aldea kentzen diogu Levanteri. Sevilla talde gogorra da, eta ez dugu uste gauzak erraz ipiniko dizkionik Levanteri», adierazi zuen entrenatzaileak. «Geure emaitzaz soilik arduratu behar dugu, besterik ez», gaineratu zuen.
Lamikiz presidentea ere Bartzelonan izango da
Fernando Lamikiz Athleticeko presidentea ere Bartzelonan izango da, taldeari animoak emateko asmoz. Lamikizekin batera, Bartzelonan izango dira Fermin Palomar emakumezkoen taldeko presidentea eta taldeko zuzendaritza batzordeko kidea, eta Juan Manuel Delgado, Eukeni Olabarria eta Fede Arruti zuzendaritza batzordeko kideak ere. Ezusterik ezean, txapela ekarriko dute Euskal Herrira.
EMAKUMEZKOEN FUTBOLA. ATHLETIC. ESPAINIAKO SUPERLIGA. Puntu bat aski du Athleticek gaur hirugarren aldiz jarraian Superliga eskuratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu