Arrauna. Kontxako Banderaren sailkatze estropada

Emakumezkoen sailkatze estropada ere gaur izango da

Zazpi traineru lehiatuko dira, eta lau onenek izango dute hurrengo bi igandeetan bandera irabazteko aukera

Zumaiaren trainerua, ahalegin betean, Zarauzko estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Emakumezkoen Kontxako Bandera ere gaur hasiko da, sailkatze estropadarekin (17:30). Aurrenekoz, gizonezkoen egun berean jokatuko dute, gainera. Zazpi traineru aterako dira, erlojuaren aurka, eta lau onenek izango dute bandera preziatua irabazteko aukera hurrengo bi igandeetan.

Emakumeei ere itsasoak erabat baldintzatuko die lana, eta epaile bihur daiteke laukote azkarrena zehazteko orduan. Itxuraz, multzo horretan sartzeko faboritoak hauek dira: Zumaia, Getaria-Tolosa, San Juan eta Galizia. Zumaiarrek irabazi dituzte bi ligak, Gipuzkoakoa eta Euskotren, makina bat estropadatan nagusituz. Gainera, itsasoa mugitzen denean, ondo moldatzen dira; horixe erakutsi dute orain arte. Brankaz lan ona egiten dute, eta poparean hobetu egin dute denboraldia aurrera joan den heinean.

Getaria-Tolosak irabazi zuen Euskadiko txapelketa, eta, aurreko urteetako distirarik gabe ari bada ere, gaia badu lau onenen artean arazo handirik gabe sartzeko. Azken batean, tarte horretan ibili da denboraldiko ia estropada guztietan. San Juanek erakutsi zuen Gipuzkoako txapelketan ondo moldatzen dela itsaso txarrarekin, eta gaur ere aukera izango du trebezia horren berri emateko. Galizia da laugarren hautagai handia. Orain arteko Kontxako Bandera guztietan bera izan da garailea. Horrek ez dio ezer bermatzen gaurko, egunean egunekoa egin behar delako, baina ikusirik urtero sasoi onenean heltzen direla Donostiara, zailtasun gehitxo ez luke behar barruan izateko.

Hibaika ere sar daiteke

Lau faboritoen atzetik dago hirukotea: Hibaika, Orio eta Hondarribia. Azken horien aukera hutsaren hurrengoa da. Oriok egin izan ditu lan txukunak denboraldian zehar, baina sasoiko biribilena osatu beharko luke gaur lau onenen artean sartzeko. Hibaika da hirukote horretan aukerak izan ditzakeena. Gero eta hobeto ari da, eta tentuz prestatu du gaurko estropada. Jakitun da faboritoetako batek huts eginez gero bera dela muturra sartzeko ilaran aurrena dagoena.

Irteerako hurrenkera 11:30ean erabakiko da, zozketa bidez. Ez du ematen horrek ezer erabakiko duenik; bai, ordea, itsasoak. Gizonezkoen kasuan baldintza badezake emaitza, emakumezkoenean gehiago. Patroiek komeria handiak izango dituzte ontziak gobernatzen, eta ez da harritzekoa izango traineruak okertuta ikustea. Une txar horiek gutxien pairatzen dituztenek eta lanean arreta galtzen ez dutenek egingo dute aurrera. Itsasoaren egoerak asko iraul dezake sailkapena, eta ez harritu gaurkoan ezusteren bat gertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.