Bi partidak batera aztertu behar dira E multzoko azken jardunaldi honetan. Bateko emaitzak bestean eragina zuelako. Eta halaxe izan da. Suitzak irabazi egin behar zuen, eta golen aldea gainditu Ekuadorrekiko, betiere honek Frantziari irabazten bazion. Hondurasek bazituen aukera apur batzuk, baina azkar kendu dizkio Suitzak.
Xaquirik bereak eta bi egi ditu partida horretan, berak sartu dituelako hiru golak. Aurrenekoa zartako latz batekin egin du, 6. minutuan. Final 1/8etara sailkatzeko aukera bideratzen hasia zen Suitza. Bitartean, Frantzia eta Ekuador hutsean ari ziren berdintzen. Ekuadorrek gola behar zuen sailkapena gauzatzeko. Baina Frantziari eman dio baloia, edo frantziarrek hartu dute, eta kontraerasoren batean jarri dute itxaropena amerikarrek.
Itxaropen horiek gehiago itzali zaizkie Ekuadorkoei Suitzak bigarren gola sartu duenean. 31. minutua zen. Ekuadorren gol batek Suitza kalean utziko zuen une horretan, baina Ekuadorrek nahikoa zuen Frantziari eusten.
Honduras ere ezinean ari zen Suitzaren aurka. Nagusi erabat Hitzfielden taldea, eta Xaquiri gozatzen. Bigarren zatian, aldatu egin dira gauzak bi partidetan. Ekuador jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Antonio Valentziari txartel gorria atera diolako epaileak, Digne frantziarrari sarrera itsusia eta arriskutsua egiteagatik. Beste partidan, Honduras suitzarren atera iristen hasi da, aukerak sortuz.
Frantzia eta Ekuadorren artekoa ireki egin da erabat azkenera. Ekuadorrek gora jo du, golaren bila eta sailkapenaren bila. Heldu da Llorisen atera, baina izan dituen aukerak ez ditu bukatu edo Llorisek utzi ditu ezerezean. Suitzak 71. minutuan sartu du hirugarren gola. Ondorioa hau zen: Ekuadorrek bi goleko aldeaz irabazi behar zuen sailkatzeko, edo Hondurasek gol bat sartzea Suitzari, aldea bira murriztuz. Bada, gertu egon dira bata eta bestea, baina ez da golik izan. Frantziak eta Suitzak ere izan dituzte aukerak, eta horiek ere kale; frantziarren kasuan, ezin gainditu Dominguez atezainaren lan bikaina. Eromen horretan, kontrolik eza nagusi bi partidetan, eta edozer gertatzeko moduan ibili dira bi partidak.
Azkenean, Suitzak lagunduko dio Frantziari final 1/8etan E multzo honetan. Suitzak Argentina izango du aurkari asteartean; Frantziak Nigeria astelehenean.