Final-laurdenetako lehen jardunaldia jokatu da BERRIA txapelketan, eta bi kanporaketa erabat ezberdin izan dira. Larunbatean, Hernanin (Gipuzkoa), lau tanto eskasengatik egin zuen aurrera Markinak. Igandean, Urnietan (Gipuzkoa), hiru partidak irabazita sailkatu zen Uharte.
MARKINA 57
AÑORGA 53
KADETEAK: Arrieta-Aretxabaleta22
Loidi-Maiza 16
GAZTEAK: Perez-Etxeberria 22
Jauregi-Lertxundi 15
NAGUSIAK: Urberuaga-Kastillo13
Erroizenea-Jauregi 22
Kadete indartsuak dauzka Markinak. Euskadiko txapeldunordeak dira Arrieta eta Aretxabaleta, baina Loidi eta Maiza Añorgakoak ez ziren kikildu horren aurrean. Gogor egin zieten aurre. 13nakoa arte izan zuten irabazteko aukera, baina azken txanpan Arrietak asmatu zuen eta Loidik egin zuen kale. Partidako onena, dena dela, Aretxabaleta Markinako atzelaria izan zen.
Lehenengo partidaren antzekoa izan zen bigarrena. Erdira arte berdinduta. Bi atzelariak aritu ziren maila berean, eta ez zuen asmatu inork bestea menderatzen. Aurreko koadroetan egon zen aldea. Perezek tantoak bikain amaitu zituen, eta Jauregik onak eta txarrak tartekatu zituen. Perez izan zen onena, eta ongi lagundu zion Etxeberriak.
Nagusien partidan Markinak bederatzi tanto behar zituen eta haiek egitera atera zen. Añorgakoak hasi ziren hobeto. Jauregik jo eta Erroizeneak amaitu. Urberuaga presaka aritu zen, eta Kastilloren patxada baliatu zuten bizkaitarrek, larri bada ere, sailkatzeko.
AURRERA-SAIAZ 40
UHARTE 66
KADETEAK:Irastorza-Ulanga 11
Bendoiro-Mina 22
GAZTEAK: Lizarribar-Zubiri 13
Kortabarria-Garcia22
NAGUSIAK: Onsalo-Arraztoa 16
Garralda-Beroiz22
Aise joan zen kadeteen partida Uharteren alde. Bi atzelariak oso seguru aritu ziren, baina aurrean Bendoirok Irastorzak baino errazago amaitu zituen tantoak. 14 lortu zituen orotara.
Gazteen partida arraro samarra izan zen. Aurrera-Saiazekoak 12-5 jarri ziren aurretik, baina erabat aldatu zen norgehiagoka hortik aurrera. Zubiri aritu zen ordura arte hutsik egin gabe, baina behera egin zuen nabarmen. Haren hutsekin batera hasi ziren nafarrak ere jokatzen. Garcia atzeko koadroetan nagusitzen eta Kortabarria zehaztasun osoz tantoak amaitzen. 12nakoa lortu eta pixkanaka aurrea hartzen hasi ziren, 13-22 irabazi zuten arte. Kortabarria izan zen lauren artean onena.
Kanporaketa erabakita zegoen nagusien partida hasterako. Uhartek bikote indartsua duela erakutsi zuen hasieratik (4-11). Onsaloren jardunak orekatu zuen erabat norgehiagoka, baina Beroizen lana izan zen erabakigarria (16-22).
Emozioa batean, lasaitasuna bestean
Markina eta Uharte izan dira BERRIA txapelketako finalerdietan sartu diren aurreneko bi taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu