Emozioa hor egongo da

Xalak eta Barriolak lehen oina binakako finalean sartuta daukate, baina lau bikotek dute aurrera egiteko aukera. Irujok eta Merinok, tanto aldeari esker, aski dute larunbatean irabaztea.

Pilotazale bat zutik, tanto bat ospatzen, iragan igandeko Eibarko Astelenako partidan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Binakako txapelketa irekia izaten ari da. Enpresek eredu ezin luzeago baten alde egin zuten apustu, eta ondo irten zaie. Lehen faseko ligaxkak bukaera estua izan zuen, eta finalerdietan ere emozioa egongo da azken partidara arte. Igandera arte egongo da zerbait jokoan, eta ez ia ezinezko emaitza karanbolen menpe. Lau bikotek dute finalean sartzeko aukera, hala ere, Xalak eta Barriolak dute, askozaz, errazen. Aldiz, Gonzalez eta Laskurain dira aukera gutxien dutenak, eta, oso zail duten arren, ez dute miraririk behar.

Txapelketa bizirik dago, eta enpresek neguko kuartelak aukeratu dituzte azken partidetarako. Irujo-Merinok eta Gonzalez-Laskurainek larunbatean jokatuko dute, Iruñean. Xala-Barriolak eta Olaizola II.a-Beginok, berriz, igandean Eibarren neurtuko dituzte indarrak. Herenegun katedraleko harmailak ia bete eginziren, eta Aspek Donostian jokatzearen aukera baztertu du. Sarreren prezioa finalerdietako aurreko partiden bera izango da. Kantxek 40 euro balioko dute.

Eibarko partidan Aspekoen hamabosgarren tantoa mugarri bat izango da, lortzen badute beti ere, Xalak eta Barriolak tanto kopuru hori behar baitute finalean sartzeko. Hori bezperan Irujok eta Merinok irabazten badute, Gonzalez eta Laskurainen garaipenak ere finalean sartuko lituzkeelako. Gertu dute, baina ezin dira fidatu, Barriolari bi aldiz pasatu baitzaio ligaxka moduko finalerdietan bi garaipenekin finaletik kanpo gelditzea; horietako bat 2008ko binakakoan. Leitzarrak ez du inoiz jokatu finala; Xalarentzat, berriz, laugarrena litzateke.

Irujo eta Merino ere sasoian daude. Euren esku dute finalean sartzea; eta, horretarako, Gonzalezi eta Laskuraini irabaztea aski dute. Sailkatze ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten, eta 22-10 irabazi zuten. Beste aukera: gutxienez hamabost tanto egitea eta igandean Xalak eta Barriolak irabaztea. Sailkatuko balira, bosgarren binakako finala litzateke Irujorentzat, eta aurrenekoa Merino gaztearentzat.

Olaizola II.ak eta Beginok aurkako tanto aldearen zama dute, beraz, beste emaitzaren zain ez egoteko modu bakarra 22-14 edo emaitza hobearekin irabaztea da. Dena den, bezperan Gonzalezek eta Laskurainek irabazten badute, hogeita bira iristea aski lukete. Lortuko balute, lehen finala litzateke Beginorentzat, eta laugarrena Olaizolaretzat.

Gonzalezek eta Laskurainek dute zailen, oso, baina ez ezinezko. Horretarako, Irujo eta Merinoren aurka hamabost tanto baino gutxiago jasota irabazi behar dute, eta Xalak eta Barriolak igandean irabaz dezaten itxaron. Kasu horretan, Xala eta Barriola finalean leudeke, eta enpresaren interesen alde jokatuko lukete Eibarren. Gonzalez eta Laskurain sailkatuko balira, binakako bigarren finala litzateke aurrelariarentzat, eta hirugarrena atzelariarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.