Athletic 1-2 Sevilla

Enbata bat igaro da San Mamesetik

Athletic esku hutsik geratu da Sevillaren aurkako partidan, bisitariek lau minutuan neurketa irauli eta gero. Irabazten hasi da, baina Banegaren eta Munirren gol banak garaipena eman diete Julen Lopetegiren jokalariei.

Ever Banegak sareetara bota du baloia, area ertzetik jaurtitako falta batean. Hura izan da bisitarien lehen gola. LUIS TEJIDO / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2020ko uztailaren 10a
00:19
Entzun

Denbora gutxian guztia hankaz gora jarri zaio Athletici. Udako iluntze betean, enbata bat heldu da San Mamesera, eta txikitu egin du aurrez eraikitako gaztelua. Sevillak lau minutu eskas behar izan ditu zuri-gorriak astindu eta haien egunari kolorea aldatzeko. Julen Lopetegiren taldeak hiru puntuak eskuratu eta ezerezean utzi du ordura arte etxekoentzat polita izaten ari zen gaua. Supituki garaipenetik porrotera igaro izanak ilundu egin du Athleticen Europarako bidea, xede horretan jauzi handi bat egitea oztopatuta.

Sevillakoen iraulia kolpetik iritsi bada ere, bisitariek neurketaren hasieratik eman dituzte abisuak. Indartsu zelairatu dira, eta partidaren gidaritza izan dute lehendabiziko ordu erdian. Hainbesterainokoa, ezen batzuetan %84ko baloi jabetza izan baitute. Athleticek ondo hesitu du bere atea, eta eutsi dio lehen erauntsi horri.

Indarrek orekatzera egin orduko hazi egin dira Gaizka Garitanoren jokalariak, eta orduan iritsi da barealdia. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean erasora egin dute zuri-gorriek, eta, ordura arte arrisku askorik sortu ez badute ere, modurik onenean urrundu dute Sevillaren arriskua: gola eginda. Ander Capak egin du, Mikel Vesgaren erremate baten osteko alderatzea baliatuta. Une egokian halakoxe tokian zegoen Portugaleteko atzelaria, eta saria jaso du. 26. minutua zen.

Hurrengo minutuetan eroso aritu da Athletic. Erasoan kamuts aritu arren ondo lotu du Sevilla, eta estutasunik gabe jokatu du atsedenaldira arteko denboran. Etenaren aurreko jokaldian aldea handitzeko aukera izan du Iker Muniainek, baina nafarrak ez du asmatu eta gol bateko abantailarekin heldu dira partida erdira.

Handik itzultzerakoan antzera segi du partidak. Athletic ondo kokatua egon da zelaian, eta izan du bigarren gola egiteko aukerarik ere. Iñigo Cordobak 52. minutuan egin duen  saialdiak ez du saririk jaso, ordea, eta etxekoek larrutik ordaindu dute hori.

Ohartzerako, iraulia

Ordurako sumatzen ziren lehen ufadak San Mamesen. Pixkanaka indartzera egin du Sevillak, eta Athleticen areara gerturatzen hasi da. Unai Simonen geldiketa batek eta atzeko lerroaren lanak urrundu dituzte espainiarren arriskuko jokaldiak, baina zuri-gorrien hesiak ez du gehiago iraun zutik.

Sevilla Athleticen arean etenik gabe zela, Munirrek baloi bat jaso du area ertzean, eta Dani Garciaren hatsa igarri orduko lurrera jausi da. Epaileak falta adierazi du, ez zalantzarik gabe, eta Ever Banegak ez du huts egin. Area kanpotik bikain jo du baloia, eta berdinketa ezarri du 69. minutuan.

Berdinketara egiten ari zela iritsi da behin betiko kolpea Athleticentzat. Aurreko goleko bi protagonistek, Munirrek eta Banegak, egin duten jokaldi batean iritsi da 1-2koa. Erdilari argentinarrak erdiraketa izugarri ona egin du, eta aurrelariak, bakar-bakarrik zela, sareetara bota du baloia. 

Partida maldan gora zutela, etxekoak saiatu dira berriz aurrera egiten, baina bizkaitarren saialdiek gehiago izan dute nahitik ahaletik baino. Partidaren hondarrean Iñigo Martinezi egindako penaltia eskatu dute etxekoek, baina epaileak ez du ezer adierazi, eta Muniainen saialdiek ere ez dute fruiturik eman. Azkenerako, Sevilla izeneko enbatak hiru puntuak eraman ditu San Mamesetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.