Azkeneko hamabi urtean txirrindulari profesional izan ondoren, "helburu berriak" behar ditu Eneritz Iturriagaetxebarriak (Abadiño, 1980), eta, hala, adio esan dio gaur ziklista profesional izateari, Derion emandako prentsaurreko batean. "Korri nezakeen dena korritu dut, bizitzan edozer gauzak ditu hasiera eta bukaera, eta uste dut hau dela aro baten amaiera", adierazi du.
2001ean ekin zion txirrindularitza profesionalari, Bik-Tuscany taldean, eta Lointek-en bukatu du.
"Ibilbide gogorra izan da: etxetik kanpo denbora luzean, lesio asko...; eta batzuetan pentsatzen duzu zerbaiterako balio duen sakrifizioak". 2010ean gaizki pasatu zuen oso: eroriko baten ondorioz, urte erdi bat behar izan zuen osatzeko, aldi horretan hiru aldiz egin zioten ebakuntza, eta erretiroan pentsatu zuen.
Azkeneko bi urteetan Lointek euskal taldean aritu izanak "babes handia" eman diola esan du prentsaurrekoan. Basque Team-i, Bizkaiko Foru Aldundiari, Abadiñoko Udalari eta gainerako babesleei eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan laguntzeagatik.
2003an Espainiako errepide Txapelketa irabazi zuen, lau aldiz Espainiako erlojupeko Txapelketa, Euskadiko Txapelketa bost aldiz, 2003ko Emakumeen Biran etapa bat, 2004ko Herbehereetako Itzulian beste bat, 2003ko Frantziako Tourrean bederatzigarren izan zen, 2006ko Italiako Giroan hamargarren... Palmares polita du. Iturriagaetxebarriak berak hamabi urteotan izandako "erregulartasunari" ematen dio garrantzia.
Txirrindularitzan segituko duela jakinarazi du, kirol horrek berari "emandako guztia itzultzeko". Eskaintza batzuk dauzka mahai gainean, eta neguan aztertuko ditu.